Jaizkibelgo pistak eta baso bideak kontserbatzeko ordenantza sortuko dute
Ordenantzak, besteak beste, motordun ibilgailuen erabilera arautuko du, Jaizkibelgo bideen kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko, pertsona guztiek erabili ahal izatea ziurtatzeko, eta natura ondarea zaintzeko.

Jaizkibelgo bideen kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko, pertsona guztiek erabili ahal izatea ziurtatzeko, eta natura ondarea zaintzeko ordenantza sortuko du Hondarribiko Udalak.
Jaizkibel “ingurumen erreferentea” da. Natura 200 sarearen barruan dago, hau da, kontserbazio bereziko eremua da, eta beraz, “formazio geologiko bikainak, aniztasun handiko paisaiak eta kultura ondare garrantzitsua ditu”. Baina, hortaz gain, funtsezko elementua da zerbitzuen azpiegituretarako, babes zibileko zerbitzuetarako eta mendian jabetzak dituzten edo bertan bizi diren pertsonentzako.
Arazoa “mota guztietako ibilgailu motordunak pista eta bideetan asko ugaritu direla” dela jakinarazi du Garoa Lekuona zinegotziak, eta gaineratu du horrek arriskuan jartzen duela pisten eta bideen osotasuna, kontserbazioa eta funtzionaltasuna. Errealitate horren aurrean arau esparru bat sortzeko beharra identifikatu zuen.
Kontsulta publikoa
Ordenantza idazten hasi aurretik, iragan astean, Alkartasuna Elkartearen inguruan bizi diren baserritar, erabiltzaile, ehiztari edota interesa izan zezaketen herritarrekin bilera bat antolatu zuen udalak, xehetasun guztiak azaltzeko. Garoa Lekuona zinegotziak, Estitxu Urtizberea zinegotziak eta Igor Enparan alkateak eman zituzten azalpen horiek.
Informazioa helarazita, hurrengo pausoa herritar orori irekitako kontsulta publikoa zabaltzea izan da. Bertan, hurrengo lau puntuen inguruan herritarrek duten iritzia jasoko dute: Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak, ordenantza onartzeko beharra eta aukera, arauaren helburuak zeintzuk izan behar diren, eta egon daitezkeen ordezko irtenbide erregulatzaileak eta ez erregulatzaileak.
Gaurtik hilaren 24ra bitarte izango da zabalik eta bi modutan parte hartu daiteke: BAZ bulegoaren bitartez edota udal erregistro elektronikoaren bitartez.