Iratxe Sorzabal berriro epaituko dute otsailean eta martxoan
Epaiketak hilaren 27tik 28ra eta martxoaren 17tik 18ra izango dira eta tortura pean egindako adierazpenak hartuko dituzte aintzat beste behin. Elkarretaratzera dei egin dute hilaren 22rako.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal preso politiko irundarra epaituko du berriz ere. Bi Euroaginduren ondorioz epaituko dute eta epaiketa bakoitzak bi eguneko iraupena izango du. Hilaren 27 eta 28 bitartean izango da lehen epaiketa eta bigarrena, berriz, martxoaren 17tik 18ra.
Bi epaiketa horietan berriro frogatzat hartuko dituzte Sorzabalek torturapean egindako adierazpenak. Bost egunez torturatu ondoren, bere burua erruduntzat jo zuen irundarrak, gerora errugabetu zen arren. “Ni neu eta beste batzuk erruztatu nituen; pasatzen ari nintzen infernuarekin ezin nuen beste ezer egin”, adierazi zuen. Epailearentzat ez zuten baliorik izan tortura salaketek, eta 24 urte eta erdiko kondena ezarri zion.
Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldeak elkarretaratzera dei egin du hilaren 22an, San Juan plazan 11:30ean. Sorzabal etxean egotea eskatuko dute “elkarbizitzaren alde” eta irundarrak bizitako torturak salatuko dituzte.
7/2014 legea
Pasa den urteko urrian 7/2014 legearen erreforma egin zen eta normatiba berriak Europako Batasuneko beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak batzea ahalbidetuko du. Sorzabalek zazpi urte igaro zituen Frantziako espetxean baina haren abokatuak ez du hain garbi erreforma honek eraginik izango duen irundarrarengan.