Pequeña Velocidad zutik utziko dute
Geltoki berriko pasarelaren proiektu berri bat idatzi beharko dute pabiloia ez eraisteko. Zutik dagoen Frankismo garaiko Gipuzkoako kontzentrazio esparru bakarra da.

Zazpi urteko borrokaren ondoren, Pequeña Velocidad zutik mantenduko dutela jakinarazi du ofizialki Espainiako Gobernuak. Izan ere, Ministro Kontseiluak gaur onartu du Pio XII eta Estazio kalea lotuko dituen pasarelaren proiektua eta bertan jaso dute errespetatu egingo dutela frankismo garaiko kontzentrazio esparru Pequeña Velocidad. Proiektu honek ezbaian jartzen zuen pabiloiaren etorkizuna.
Gaur onartu duten proiektuaren arabera, Euskotreneko trenbideak Adif-en trenbide sarean sartzea eta pasarela bat eraikitzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak, Irungo Udalak eta Espainiako Gobernuak. Pasarelaren proiektua idazteko, luzapena adostu dute ere hiru erakundeek eta hasiera batean lanen kostua 6,9. milioi eurokoa bazen, orain, 7,7 milioi eurokoa da. Alegia, 800.000 euro gehiago handitu dute aurrekontua. ViaIrun proiektu handiaren parte da pasarela.
Proiektu berria idaztearen eta hura zuzentzearen kostuen ardurak banatu dituzte eta Adifek bere gain hartuko du horren %33,33; Eusko Jaurlaritzak %22,22 eta Irungo Udalak %44,45. Behin obrak bukatuta, pasarela Irungo Udalaren jabetzakoa izango da.
Memoria gune
Pequeña Velocidad Gipuzkoan zutik dagoen Frankismoko kontzentrazio esparru bakarra zutik mantentzeko eskaria egin zuten azken aldiz pasa den urteko otsailean Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan eta Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikazaleak talde memorialistek.
2022ko urriko osoko bilkuran, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen babesean, kontzentrazio esparrua memoria gune izendatzeko eskaera egin zuen Kepa Ordokik eta babes hori lortzea gakoa izan da Pequeña Velocidad eraitsi ez dezaten.
Irungo Udaleko udalbatzara ere eraman zuten auzia eta orduko alkateorde Miguel Angel Paezek adierazi zuen esparrua berreskuratzeko asmotan, “elementu adierazgarriren bat” mantenduko zutela eta haren inguruan “espazio iraunkor bat” sortuko zutela gune honen memoriarako.
Azkenean, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren departamentuak aintzat hartu zuen osoko bilkuran onartutakoa eta talde memorialistek eskatutakoa. Hargatik, proiektua egokitu du Espainiako gobernuak, hala jakinarazi du Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio idazkariak.