II Lomeña Fachadas Rhenus Logistics Bidasoko Maratoi Erdia + 10K aurkeztu dute
Hilaren 23an iltzuliko da Bidasoko eskualdea zeharkatzen duen lasterketa. Dagoeneko 1.300 pertsonak eman dute izena.

Bidasoa eskualdeko zein kanpoko atletek gorriz markatutako eguna dute hilaren 23a. Egun horretan izango baita II Lomeña Fachadas Rhenus Logistics Bidasoko Maratoi Erdia + 10K lasterketa. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatu du eta iazko arrakastaren ondoren indarberrituta itzuli dela azaldu du Ibon Muñozek. Bidasoa Atletiko Taldeko kudeatzaile eta kirol zuzendaria da eta harrotasunez hitz egin du probak izan duen garapenaz.
2024an apustu handia egin zuten bost urtez jarraian Irundik soilik igarotzen zen maratoi erdiaren formatua eraldatu eta eskualdeko proba batean bihurtzeko. Apustu hori “ibilbide lau eta erakargarri bat” sortzeko asmoz egin zuten eta badirudi asmatu egin dutela. Dagoeneko 1.300 pertsona daude izena emanda, hau da, iragan urtean parte hartu zuten kopurua berdintzea lortu dute probaren egunerako bi aste geratzen diren honetan [Izen emateak hilaren 21ean itxiko dira eguerdiko 13:00etan, eta hilaren 13tik aurrera prezioek gora egingo dute]. Maratoi erdian 790 pertsona inskribatu dira eta 10K lasterketan 520.
Probak, gainera, eskualdeko mugak zeharkatu ditu eta bertako kirolariez gain (%35), Madrilgo, Aragoiko, Kataluniako, Kantabriako, Burgosko, Asturiasko edota Andaluziako atletak inskribatu dira ere. Emakumeen parte hartzeari dagokionez pozgarriak dira zuzendariak eman dituen datuak. Bi lasterketak kontuan izanda %30era igo da emakumeen parte hartzea eta bereziki handia izango da 10K proban (%44 emakumeak izango dira).
Iaz bezala, maila handiko lasterkariek parte hartuko dute. Emakumezkoetan Nerea Egiak irteera lerroan izango dela baieztatu du eta iazko irabazleak, Elena Loyok, gaur eta bihar artean adieraziko die antolatzaileei parte hartuko duen ala ez. Gizonezkoen kasuan, Unai Arroyok, Jon Urtizbereak, Javi Mentak, Jose Gomez de Arribak, Beñat Bengoetxeak, Xabier Martinezek, Alberto Puyuelok eta Ander Segurolak dagoeneko izena eman dute.
Lasterketaren xehetasunak
Hilaren 23an (igandea) 10K lasterketako parte hartzaileak izango dira lehenak irteten, goizeko 09:50ean. Handik hamar minutura irtengo dira Maratoi Erdiko parte hartzaileak, 10:00etan puntu-puntuan. Iaz bezala lasterkarien mailaren arabera irtengo dira eta erritmoak errespetatzeko 8 erbi ezarriko ditu antolakuntzak.
Hornidura puntuei dagokienez maratoi erdiko ibilbidean bost hornidura izango dira eta 10K lasterketan bi. Esfortzua egindakoan indarberritzeko aukera izango dute parte hartzaileek; izan ere, antolakuntzak ura, edari isotonikoak, Telepizzako pizza zatiak, Aneto salda beroa eta bestelako produktuak jarriko ditu guztien eskura.
Muñozek azaldu duenez, aurten lasterkarien poltsak oparoagoak izango dira. Ohiko produktuez gain, hau da, Aneto saldaz, Urkabe urdaiazpikoaz eta Lermako odolkiaz gain, Elika Foods markako Gatz.AK PRO gatz mineralak, Cuetararen Chiquilin gailetak, Alea olo malutak (Rural Kutxaren eskutik) eta Deportes Gonzalez dendako deskontu bono bat jasoko dute.
Dortsalak eta bestelako zerbitzuak
Dortsalak jasotzeko hainbat puntu ezarriko dituzte. Ostegun, ostiral eta larunbatean Deportes Gonzalez dendan jaso ahal izango dira, 16:00etatik 20:00etara lehen egunean, eta 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara gainontzekoetan. Egunean bertan ere izango da aukera: kontsigna puntuan, hau da, Urantzu pilotalekuan 08:15etik 09:30ak arte jaso ahal izango dira.
Aurten berritasun gisa lasterkariak dutxatzeko leku gehiago izango dituztela iragarri dute ere. Urantzu pilotalekua ez ezik, Azken Portu eta Artalekun ere dutxatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Antolakuntzari dagokionez, urteko ekitaldi nagusia dela ziurtatu du Muñozek. Horregatik, egunean bertan 300 boluntarioren ezinbesteko laguntza beharko dute. Klubeko kideen laguntza izateaz gain, Bidasotarrak Peñaren, hiri bakoitzeko udaltzainen, Ertzaintzaren eta osasun zerbitzuen laguntza izango dute ere.
Izaera solidarioa
Aurten, berritasun gisa, hitzorduak izaera solidarioa izango du ere. Dortsal solidarioa sortu dute Sport Mundirekin batera. Izena ematerako garaian dortsal solidario horretara donazioa egin daiteke. Bertan biltzen den diru guztia Mi Dulce Guerrero elkartearentzako izango da. Eta zehazki, Rosa Gasa doktorea egiten ari den ikerketara [Terapia Zelularra Diabetesean] bideratuko dute dirua.
Bestetik, Iñigo Polanco arabarra 100 egun 100 amets deituriko erronka burutzen ari da, hau da, 100 maratoi korrituko ditu 100 egunetan. Haren helburua Arabako Autismo elkarteari ikusgarritasuna ematea da.