Alardearen inguruan hitz egiteko dinamikak antolatuko ditu udalak
2024ko azaroan egindako inkestaren emaitzak gizarteratu ditu udalak. Inkestatuen %45,6k berdintasuneko Alarde bakarraren alde egiten du.

Alardearen gatazkaren konponbidean pauso berriak ematen ari da Hondarribiko Udala. Agintaldi planean “herritarren arteko elkarrizketa dinamikei heltzeko” helburua ezarri zuten agintariek (61. neurria), eta bide horretan sakontzeko, 2024ko azaroan, inkesta bat burutu zuten. Haren bidez, Alardearen inguruko iritziak, pertzepzioak eta jarrerak jaso dituzte. Gizaker enpresa arduratu da inkestak gauzatzeaz. Datu horiek Hondarribiko Udal webgunean irakur daitezke.
Prentsaurrekoan inkestaren xehetasunetan sakondu ez badute ere, haren sozializazioa egin eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren azaldu nahi izan dute Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Inkesta 18 urtetik gorako 400 herritarrek erantzun zuten, telefono bidez, eta zinegotziak ziurtatu duenez Hondarribiko argazki fidel bat osatzea lortu dute. Laginaren %50,9 emakumeak izan dira eta %49,1 gizonak. Adinari dagokionez, inkestatuen %14,4a 18 eta 29 urte artekoak izan dira; %20,7a 30 eta 45 urte bitartekoak, eta %29,1a 46-60 urte artekoak. Gainerakoek, %35,8ak, 60 urte baino gehiago zituzten.
Inkesta honen diseinua egiteko aurreko hamarkadan egin zen inkestaren aldagaietan oinarritu dira, jarraipen bat egin ahal izateko. Beraz, hurrengo aldagaiak jaso dituzte bertan: Gizarteak Alardeari ematen dion garrantzia, dauden parte hartze moduak,Alardeak udalerriko errealitatean eta bizikidetzan nola eragiten duen, eta herritarrei emozionalki nola eragiten dien. Aldi berean, gatazkaren erroa nondik datorren eta zein irtenbide ikusten dituzten galdegin diete bertan.
Jasotako erantzunek erakutsi dutenez, oso gai emozionala da Alardearena. Jendeak gaiaren inguruan hitz egiteko beharra zuela nabarmendu du alkateak eta inkestak jaso duenez, gehienek (%65ek baino gehiagok) elkarrizketaren bidez gatazkari konponbide bat emateko “beharra” adierazi dute. Enparanek ziurtatu duenez, udal gobernuak ere bide horri heltzea aurreikusten zuen, eta beraz, inkesta honen bidez jarraibidea berretsi dute.
Zentzu horretan, hiru topaketa antolatuko ditu udalak. Lehena otsailaren 13an izango da, bigarrena martxoaren 13an, eta hirugarrena apirilaren 3an. Hirurak Itsas Etxea Auditoriumean egingo dira eta gehienez 40 partaiderentzako lekua egongo da. Parte hartu nahi duenak udal webgunearen bidez eman beharko du izena.
Espazio seguruak sortzea
Jendea dinamika horietan “eroso eta seguru” sentitu dadin buelta asko eman dituztela adierazi du alkateak. Hori da, adibidez, dinamika hiru bloketan zatitu izanaren arrazoietako bat, “bileren dinamikotasuna eta bideragarritasuna bermatzeko hiru bloketan zatitu dugu dinamika, guztiek parte hartzen dutela bermatzeko”. Topaketa horiek espazio seguruak izatea nahi dute, eta jendeak beldurrik gabe hitz egiteko aukera izatea. Alde horretatik “erronka handia” dutela aitortu du.
Urtizbereak, azkenik, xehetasun bat nabarmendu nahi izan du. Azaldu duenez, izena emateak ez du esan nahi herritar horrek zuzenean topaketan parte hartuko duenik. Dinamizatzaile talde batek jasoko ditu izen emate guztiak eta haiek arduratuko dira “azken filtro” hori egiteaz, “generoaren eta adinaren aldetik aniztasuna dagoela bermatzeko”.
Datuak
Inkestak datu esanguratsuak utzi ditu, esaterako, inkestatuen %45,6k berdintasuneko Alarde bakarraren alde egiten dutela, ia erdiak. %18,4k berriz, nahiagoko luke Irungo moldeari eutsi eta bi Alarde antolatu. Gauza bat argi dago, aldaketa baten beharra dutela hondarribiarrek, soilik %7,7ak egiten baitu egungo egoeraren alde.
Alkateak aurreratu duenez emozio asko azaleratzen dituen gaia da. %75,6 herritarrentzat garrantzitsua edo oso garrantzitsua da Alardea, baina azken urteetako gatazkaren ondorioz tristura (%39,3), lotsa (%24,7), asperdura (%21,2), haserrea (%17,7), edota amorrua (%14,5) bezalako sentimenduak dira gailentzen direnak. Dena den, bada poza (%18) edo harrotasuna (%12,3) sentitzen duenik ere.
Tentsioari dagokionez herritarren gehiengoak, %43,6k, gutxitu egin dela adierazi dute. %21,3k, ordea, handitu egin dela uste du, eta %28,5ek berdin jarraitzen duela.
Aurrera begira, inkestatuen gehienek konponbidea elkarrizketa, bizikidetza eta errespetuaren aldetik etorriko dela (%17,7) eta udaletxeak antolatu beharko lukeela (%58,5) uste dute, eta %40,1ek emakumeak Alardeko rol guztietan parte hartzen irudikatzen dute etorkizuna.