Asteburu ona Marlaxka Xake klubeko kideentzat
Marlaxka A, B eta C taldeek berdinketa lortu dute eta Marlaxka D taldeak garaipenarekin bukatu du asteburua.

Asteburu honetan partida berriak izan dituzte Hondarribia Marlaxka Xake klubeko lau taldeek. Marlaxka A, B eta C taldeek berdinketa lortu dute eta Marlaxka D taldeak garaipenarekin bukatu du asteburua.
Marlaxka Xake klubeko A taldeko kideek Gasteizera egin dute bidaia asteburuan. Euskal Herriko hiriburuan Amartintxo taldearen kontra lehiatu ziren eta berdinketarekin itzuli ziren etxera: 2-2. Patxi Morenok, Josu Tornayk, Ander Tafallek eta Jurgi Diazek osatu zuten taldea.
Marlaxka B taldeak, berriz, etxean jokatu zuen. Errenteriako Luzaro Orereta taldea izan zuten aurkari Iker Tafallek, Alvaro Minondok, Juan Senen Brunak eta Jon Diazek osatutako taldeak. 2-2 bukatu zen partida.
Marlaxka Ck Billabonan izan zuen partida asteburuan. Billabona B taldearen kontra jokatu zuten talde hondarribiarreko kideek. Kasu honetan ere binakako berdinketarekin bukatu zen lehia. Taldea Charles Torrent-ek, Gontzal Jokin Lerak, Nora Lerak eta Francisco Diazek osatu zuten.
Azkenik, Marlaxka D taldeak Gros D taldea menderatzea lortu zuen. 2,5-1,5 bukatu zen partida. Ion Larrartek, Kimetz Lekuonak, Julia Urrozek eta Lorena Urtizbereak gustura bukatu zuten Gipuzkoako hiriburuan egindako lanarekin.