Arrantza ontzien argazki bila dabil Arma Plaza Fundazioa
Inaxio Igos hondarribiarraren ekimenez herriko arrantza ontzien inguruko liburu bat argitaratuko du Arma Plazak aurki. Liburua osatzeko argazkiak jaso nahi dituzte.
Arma Plaza Fundazioak XIX. mendetik gaur egunera arte Hondarribian jarduten duten arrantza ontziei buruzko liburu bat argitaratuko du. Baina liburua ahalik eta osoena izan dadin herritarren laguntza eskatu du. Ontzien tripulazioari balioa emateko argazki bila dabil fundazioa, “eskifaiarik gabe Hondarribiko paisaian ainguratutako kasko bizigabeak besterik ez” liratekeelako.

Ignacio Perez argazkian. Mertxe Isasak Arma Plaza Fundazioari utzitako argazkia.
Liburua Inaxio Igos hondarribiarraren ekimenetik abiatu zen. Igos arrantzale ohia da eta libururako 30 urteko ikerketa burutu du. Hondarribiko portuan lana egin duten arrantza ontzi guztien informazioa bildu du, tartean, Aita Domingo, almirante Berria, Amuka, Berriz San Francisco, Bidasoa, Cabo Higer, Corazón Amado edo Glorioso San Antonio ontzienak.
Ikerketa horri esker arrantza ontzien erregistro zehatza egin, fitxa teknikoak sortu, enplegatutako tripulazioaren zerrenda osatu eta argazkiak bildu ditu.
Liburu honen bidez, Hondarribiko arrantza komunitatearekin eta bertako jarduerekin lotutako ondare material zein inmateriala jaso nahi dute, ondoren zabaldu ahal izateko. Beraz, argazkiak aurkeztu nahi dituztenek otsailaren 5etik 18ra egin beharko dute, fundazioaren bulegoetan, 09:00etatik 14:00etara. Argazkiak entregatu eta bi egunetara itzuliko dira.
Fundazioak azaldu duenez argazkietan azaltzen diren pertsonak identifikatzea eskertuko da, liburuan behar bezala azaltzeko.