Portu auzoaren berreroneratze lanak, azken fasean
Hilaren 3an hasi zituzten Arrantzalen auzoko lanak. Irisgarritasuna bermatzea eta espazio publikoaren kalitatea hobetzea da helburua.

Santiago kaleko lanak bukatu eta Arrantzale auzokoei ekin die udalak. Irisgarritasuna bermatzeko eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko helburua dute lanek. Urbycolan enpresa arduratuko da horiek egiteaz, eta 2.861.454,95 euroko aurrekontua izango du horretarako. Lanak hasi eta hamabost hilabetera bukatzea aurreikusi dute, hau da, 2026ko martxoan.
Urbycolan-ek oinezkoentzako espaloiak zabaldu eta oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte, paraleloan dagoen San Pedro kaleko irizpideak jarraituz. Lurpeko azpiegiturak, berriz, Txingudiko Zerbitzuak-ek egokituko ditu. Saneamendu eta hornidura sareak eta telefono eta argindar azpiegiturak ezartzeaz gain, komun publiko finko berri bat ipiniko dute ere.
Lan horiek hiru fasetan banatuko dituzte: Lehen fasean Gran Sol eta Itxaropena taberna arteko plazatxoa berrituko dute. Zati hori maiatza aldera bukatuko dute. Ondoren, uda partean, Arrantzale auzoko 1-13 arteko zatiari helduko diote. Hirugarren fasea 2023eko udazkenetik 2026ko martxora arte izango da. Tarte horretan 13 zenbakitik San Pedro kaleraino doan zatia birgaituko dute.
Hala, Arrantzale auzoarekin Portu auzoaren berrurbanizazioari amaiera emango diote. Lanok Almirante Alonso kalean hasi ziren eta Matxin Artzu, Bernart Etxepare, Zuloaga, San Pedro eta Santiago kaleak birgaitu zituzten ondoren. Azken lanak Arrantzale auzokoak izango dira.
Lehen baldosa altxatzen hasi baino lehen auzotarrekin zein inguruko ostalariekin bildu direla jakinarazi du udalak. Informazioa zuzenean helarazi eta kezkak argitu zituzten bertan. “Pixkanaka” gainerako ostalari eta komertzioetako jabeekin bilduko direla esan du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak.