Etorbidea zubiaren izendapenaren harira balorazio "gazi gozoa" egin du Kepa Ordokik
Izendapena, 'España en libertad. 50 años' agendaren barruan jaso izanarekin ez daude ados eta zalantzan jarri dute askatasuna asebetekoa izana azken bost hamarkadetan.

Iragan larunbatean bisita instituzionala egin zuten Etorbidearen zubira Irungo Udaleko eta Espainiako gobernuko ordezkariek. Izan ere, Etorbidearen zubia Memoria Demokratikoaren Leku izendatzeko prozesua hastea erabaki du Espainiako gobernuak. Eskaria iazko maiatzean egin zen.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak balioan jarri du izendapena jaso izana, baina erabaki honen balorazio “gazi gozoa” egin behar izan dute. Zubiak jaso duen izendapena España en libertad. 50 años agendaren parte da baina eskualdeko elkarte memorialistak zalantzan jarri du zubian “asebetetasun osoarekin” askatasunik egon ote den 1975 eta 2025 urteen artean.
Askatasunarekin zerikusirik ez duten efemerideak oroitu dituzte. Gaurkotasunetik hasita, gogoratu dute azken urteetan bederatzi lagun hil direla Bidasoa ibaia zeharkatzen, Etorbidea zubiaren bueltan. Atzera segituta, 1981. urtean Telesforo Monzonen gorpuzkiak zeramatzan segizioa “bortxaz” autobiderantz bideratu nahi izan zutela oroitu dute Santiago zubian. AEK-k antolatzen duen Korrika ekimenak zubia zeharkatzeko eta “ekimenaren etena saihesteko” furgoneta aldatu behar izan duela adierazi du Kepa Ordokik.
Espainiako estatuaren terrorismoaren lekuko izan da zubia talde memorialistak azaldu duenez eta zerrendatu egin ditu bertan jardun duten talde parapolizialak: GAL, Batallon Vasco Español eta Triple A. Testuinguru politiko horren barruan, hamarnaka euskal herritarren pairatu zuten zelata seinalatu dute ere. “Besteak beste, Kepa Ordoki gudari irundarrak”.
Zubiaren izendapenerako baliatutako testuingurua “kamutsa” da eta ebazpenak erbesteratuen entrega jaso duen arren, aipamen honetan ezagunak diren eta Espainiako II. Errepublika garaian ardura politikoak izan zituzten hautetsietara mugatu direla deitoratu dute.
Gogoz kontra zubia zeharkatu zuten erbesteratuak 151.000 lagun izan ziren gutxienez, Maelle Maugendre historialariak jaso duenaren arabera. Horiek, ondoren, Frankismo garaian Irunen zeuden kontzentrazio esparruetara eraman zituzten gatibu. Horietatik 3.971 gizon Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruan atxilotu zituzten.
Zubia zeharkatzen zutenak kontrolatzen zituztela seinalatu du Kepa Ordokik eta lan horretan Comisión de Admisión del Puente aritu zen. Antolakunde hau zubiaren kontrolerako lehen antolakundetzat jo du elkarte memorialistak.
Historian atzera egiten jarraituta, Alemaniako III. Reicheko ordezkariek zubian egin zuten kontrol eta eskumenak aitortu ditu Kepa Ordokik eta zubian “inpunitate osoz” ibili zirela SSko milizia parapolizialak, Abwehr inteligentzia militatarrak edo Sicherheitsdienst deitoratu dute.
Halaber, Heinrich Himmler buruzagi naziak Etorbidea zubia gurutzatu zuen, ezinbestekoa zelako Sofindus enpresa taldearen wolframio kontrabandoarentzat.
Zubiari egindako izendapena, lekua babesteko legeak sortu dituen artikuluak plazaratzeko baliatu dute. Bide horretan, Memoria Demokratikoaren Legearen 52. artikuluaren arabera, zubiaren “iraunkortasuna” bermatu behar dute.”Honek zubia etorkizuneko berriztatzeetatik babestuko du” adierazi dute. Izan ere, azkeneko eraberritze lanetan zubiaren jatorrizko granitozko zintarria galdu zen.
Aipamena egin diote lege honen 53. artikuluari. Honetan “zabalkundea, interpretazioa eta herritarren sustapena” nabarmenduta dago eta xede honekin bat egiten duela adierazi du Kepa Ordokik. Elkarteak prestutasun osoa erakutsi du aipatu dituen xedeen bueltan lan egiteko.
Pequeña Velocidad
Zubiaz gain, Pequeña Velocidad Memoria Demokratikorako Gune izendatzeko eskaria egin zuen 2022an elkarte memorialistak baina gaur deitoratu dute ez dutela erantzun formalik jaso. Pasa den larunbateko ekitaldian Fernando Martinez Lopez Espainiako Estatu idazkariari erantzun gabezia plazaratu zioten eta Pequeña Velocidad esparrua babesteko ondu duten proiektuaren ale bat eman zioten.