Behar Bidasoak Eusko Jaurlaritzaren Gazte Kooperanteen programan hartuko du parte
Programa honek gazte euskaldunak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza ekintzetan sentsibilizatzeko, eta herrien arteko elkartasun kultura sustatzea du helburu. Ahizpa Pasionistekin lankidetzan aritzen da Behar Bidasoa.

Behar Bidasoa herrialde ez garatuetako garapen sozio-ekonomikoa ahalbidetzeko baliabideak ematen dituen gobernuz kanpoko erakundea da eta beste urte batez, Eusko Jaurlaritzaren Gazte Kooperanteen programan hartuko du parte.
Programa honek gazte euskaldunak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza ekintzetan sentsibilizatzeko, eta herrien arteko elkartasun kultura sustatzeko helburua du.
Behar Bidasoak urteak daramatza Ahizpa Pasionistekin lankidetzan, Pereirako Garapen Poloan. 2024ko udan, hiru euskal gazte izan ziren bertan (Aintzane Plaza, Lehen Hezkuntzako irakaslea; Ane Salbarredi, Erizaintzako laguntzailea, Gizarteratze tituluduna eta behar bereziak dituzten haurren hezkuntzan lan egiten duena; eta Marina Alva, erizaina).
Hezkuntzarekin eta osasunarekin lotutako lanak egiteaz gain, familia bisitetan parte hartu eta herritarren presio arteriala monitorizatzeko programa bat burutu zuten gazteek.
“Esperientzia oso positiboa da kooperanteen laguntza jasotzen duten pertsonentzat eta baita programan parte hartzen duten gazteentzat ere” adierazi du Behar Bidasoa elkarteak.
2025eko bekak
2025ean Eusko Jaurlaritzak 100 beka jarriko ditu gazteen eskura. 22 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko programa da eta Amerikako kontinentean ez ezik, beste GKE-ren eskutik Asian edota Afrikan laguntzeko aukera eskaintzen dute ere.
Izena emateko epea 2024ko abenduaren 19an zabaldu zen eta hilaren 17an itxiko da. Informazio gehiago Gazte Aukeraren webgunean eskuratu daiteke.
Lanbide profilei dagokienez GKEek aurkezten dituzten proiektuen araberakoak dira. Ohikoenak honako profilak dituzten pertsonei bideratutakoak izaten dira: Hezkuntza, hezkuntza berezia eta pedagogia; Gizarte lana eta gizarte hezkuntza; Psikologia; Berdintasuna; Begiraleak eta aisialdia; Informatika; Ekonomia eta kontabilitatea; Medikuntza, erizaintza eta osasun zaintza osagarriak; Farmazia; Ingeniaritza eta arkitektura; Agronomia; Tornua eta mekanika; Elektrizitatea; Arotzeria; Iturgintza; Elikadura eta sukaldaritza.
Gastuei dagokienez Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu joan-etorriko bidaiarien gastuak, baita erantzukizun zibileko, istripuetako edota bisatua eta segurtasun poliza ere.