"Kartela Irunen zehar ikusten dudanean ziur pozik sentituko naizela"
Irungo Inauterietako Kartel Lehiaketa irabazi du irundarrak. 'Artea inauterietan' izena du lan irabazleak. Adimen artifiziala lehiaketa horietan erabiltzeaz iritzia eman du.

Diseinu grafikoa ikasi zuen irundarrak, nahiz eta egun beste sektore batean lanean ari den. Ez da lehen aldia hirian kartel lehiaketa bat irabazten duena, 2013ko eta 2014ko sanmartzialetako kartel iragarleak hark egin baitzituen.
Kartel irabazlearen izena Arte en carnaval (Artea inauterietan) da. Argi izan al zenuen izena?
Beti da zaila kartel bati izenburua jartzea Beste aukera batzuk pentsatu nituen, baina azkenean hau aukeratu nuen. Izan ere, niretzat inauteriak arte mota bat dira, beti badagoelako jendea egundoko mozorroak egiten dituena. Askotan ez da gauza asko behar, buruan luma bat jarrita izugarrizko mozorroak defendatzen ikus daiteke jendea. Arte bat da.
Komikian eta pop art-ean dago inspiratuta kartela. Hasiera batean kartelari pop artearekin lotutako izenburu bat jarri nahi nion, baina pentsatu nuen jendeak ez zuela ulertuko, eta denengan pentsatzea gustatzen zait. Azkenean, denei graziarekin eta artearekin mozorrotzea gustatzen zaigunez, Artea inauterietan izena jartzea erabaki nuen.
Sanmartzialetako bi kartel lehiaketa irabazi dituzu, baina lehen aldiz inauterietakoa. Erronka ezberdinak al dira?
Ez dute zerikusirik. Irungo jaietako lehiaketarekin hasi nintzen irundarra naizelako, hemengo jaiak maite ditudalako, eta amets bat zelako. Kantinera ez izatearen frustrazioa nuen, eta kartelarekin saiatzea erabaki nuen. Jaietakoa bitan irabazi dut, eta beste bi accesit sari ere eman dizkidate. Askotan esan izan didate jaietakoa irabazteagatik ea zergatik ez nintzen inauterietakora aurkezten. Orduan, iaz, lehen aldiz aurkeztu nintzen eta ez nuen deus irabazi. Dena den, zertxobait giro horretan murgildu nintzen. Inauterietako kartel lehiaketak askatasun gehiago ematen dizu. Jaietako kartel lehiaketarako begirada hemengo batena da, eta koloreak oso mugatuak dira. Alardea jai giroan irudikatzea zaila izan daiteke baita ere, baina kasu honetan jai koloretsu bat irudikatu daiteke, gorri, zuri eta beltzarekin puskatuz. Gainera, niri koloreak asko gustatzen zaizkit. Kartela urrunetik ikustean inauterietakoa dela jakitea gustatzen zait, eta ez Apirileko Feriakoa.
Lehiaketako baldintzetan zehaztu dute karteleko elementu guztien jabetza intelektuala egilearena behar duela izan, eta ez adimen artifizialarena. Beharrezkoa al zen, zure ustez, zehaztasun hori?
Bai. Konplexua den gaia da. Ni teknologiaren oso zalea naiz, baina niri asko gustatzen zait sortzea paperetik abiatuta, eta beraz, ongi iruditzen zait bien arteko nahasketa. Denak ez du izan behar eskuz marraztutakoa. Askotan ere, kartel bat argazki bat izan denean ere, kritikatu izan da. Errekurtso ezberdinak erabiltzearen aldekoa naiz, eta horrek egiten du diseinua. Beti gustatu zait gauza ezberdinak nahastea, beste zailtasun batzuk ere badaudelako, adibidez, buruan duzun ideia irudikatzea.
Irun osoan zehar ikusiko da zure kartela. Prest?
Ez. Nik ez nuen espero, beti izan dut itxaropena baina… Albiste zoragarria izan zen irabazi nuela esan zidatenekoa. Kartela Irunen zehar ikusten dudanean ziur pozik sentituko naizela; harrotasuna ere sentituko dut, baina umiltasunetik. Gogobetekoa da esatea zuk egin duzula. Ez zaude prest, baina espero duzu eta oso guai dago.