Udaberriko programa kaleratu du Emakumeen Etxeak
Emakumeen bizitza aktiboa sustatzeko orientazio zerbitzua estreinatuko dute. Urtaro guztietan bezala, Ahalduntze Eskola egingo da udaberrian ere.

Emakumeen Etxean udaberriko programazioaren aurkezpena egin dute gaur eta bertan izan dira Nuria Alzaga Berdintasun ordezkaria eta programako ikastaroak eskainiko dituzten profesionalak. Izan ere, Ahalduntze Eskolari eutsiko diote urtaro honetan ere eta edizio honetan emakumeei zuzendutako zortzi ikastaro eta bost tailer eskainiko dira.
Alzagak hartu du hitza lehenik eta nabarmendu du plaza kopuruak motz geratzen ari zaizkiela Emakumeen Etxetik bultzatutako jardueretan. Beraz, eskaera eskaintzen den plaza kopurua baino handiagoa bada, otsailaren 14an zozketa egingo dutela iragarri du. Jendaurrean egingo da Emakumeen Etxean, 10:00etan.
Zortzi ikastaro eta bost tailer eskainiko dira edizio honetan. Guztiak emakumeentzat dira, aitatasunak feminismotik tailerra izan ezik, gizonei direnei begirakoa izango baita. Guztietarako izen emateak bihar zabalduko dituzte eta otsailaren 13ra arte egongo da horretarako aukera. Emakumeen Etxera deituta (943 505 505) edota Irungo Udaleko atal honen bidez egin daiteke (gaztelania hutsean dago orrialdea eta errore ematen du euskarazko bertsioa bilatzean).
Aitzitik, ikastaroak edo tailerrak bertan behera geratuko dira jarduera egiteko gutxieneko jende kopururik ez badago. Dena den, otsailaren 13rako plaza guztiak ez badira bete, epea luzatuko dute ikastaroa hasi baino aste bat lehenago arte.
Irunen erroldatutako emakumeak lehenetsiko dituzte, eta emakume bakoitzak, gehienez, hiru tailer edo ikastarotan eman dezakete izena. Hiru eskaera baino gehiago egin dituzten emakumeen kasuan, laugarren tailerrerako itxaron zerrendan sartuko dute, eta tailer horretarako lehentasuna edukiko dute Irunen erroldatuta ez dauden emakumeek.
Halaber, Berdintasun ordezkariak gogoratu du tailer eta ikastaroetan parte hartu nahi duten 0 eta 4 urte bitarteko haurren gurasoentzako, haurrentzako zaintza zerbitzua dagoela. Emakumeen Etxean bertan da eta ikastaro erdian haurrengana gerturatzeko aukera eskaintzen du.
Ahalduntze Eskola
Tailer bakoitzaren nondik norakoak eman dituzte profesionalek. Informazio guztia xehetasunekin eskuorri hauetan topa daiteke.
- Ezagutu zure hilekoaren zikloa: Magalen kolektiboak eskainiko du eta ziklo menstrualaren garrantzia nabarmentzeko saioa eskainiko dute. Desinformazio asko dagoenez, txikitatik gorputzarekin konektatzeko garrantziaz arituko dira.
- Maiatzak 28 gaztelaniazko taldea (asteazkena) eta maiatzak 29 euskarazko taldea (osteguna).
- 17:00etatik 19:30etara.
- Grafologia feminista: Ana Rodriguez grafologo-entrenatzaileak eskainiko du. Grafologiak emakumeen dauzkaten puntu ahulak identifikatzeko baliatzen du Rodriguezek. Indarguneak hobeto ezagutzeko tresna bat aztertuko dute. “Emakumeek haien idazkeran ikusten dute zer gertatzen zaien”. Komunikatzeko estiloarekin jasaten duten biolentzia identifika dezake Rodriguezek.
- Saio bat izango da eta gaztelaniaz. Maiatzaren 8a (osteguna).
- Asertibitate feminista: Ikastaro honetan, asertibotasunez eta ikuspuntu feminista batetik komunikatzen ikasiko du partaideak. Ana Rodriguez grafologo-entrenatzaileak eskainiko du.
- Sei saio izango dira eta gaztelaniaz. Maiatzaren 5etik, ekainaren 9ra (astelehena).
- 10:30etatik 12:00etara.
- Emakumea historian: Maria Jose Noain historialari hondarribiarrak eskainiko du tailerra. Hasieran, emakumea historian non kokatu den izango du hizpide. Gero, emakumeak artearen historian izango du ildo. Helburua historia berridaztea izango dela adierazi du Noainek, betiere ikuspegi feministatik.
- Lau saio izango dira eta gaztelaniaz. Martxoaren 3tik martxoaren 24ra (astelehena).
- 11:00etatik 12:30etara.
- Aitatasuna feminismotik: Parean elkarteko Ainara Lopezek eskainiko du tailerra. Joan den urtean amatasuna feminismotik hasi ziren lantzen eta asmoa jarraipena ematea da, aitatasunak erdigunean jarriz. Tailer arrakastatsua izan zen amatasunarena baina beste urrats bat ematea erabaki dute. Formatua berdina izango da, hartzaileak aldatuko direlarik.
- Hiru saio izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Martxoaren 11tik apirilaren 8ra (asteartea).
- 10:00etatik 12:00etara euskaraz; 17:00etatik 19:00etara gaztelaniaz.
- Maitearte (AmArte): Talde-dinamiken bidez Susana Esparza zientzialariak, intimitaterako eta auto zaintzarako espazio bat eskainiko du, gogoeta egiteko, partekatzeko eta laguntza-sareak josteko. Sorkuntza-espazio honetan, adierazpen artistiko desberdinak erabiliko dituzte, barrurantz begirunezko bide bat eraiki eta hori artelan bihurtzeko ni sakonena abstraituz. “Egunerokoan gure buruari oso erraz hitz egiten diogu gaizki eta demostratuta dago beste norbaitek esango balizu bezalako erreakzio kimikoa eragiten duela gugan” azaldu du Esparzak eta sormenarekin aldaketarako bidea irakatsiko du.
- Hamar saio izango dira, gaztelaniaz. Martxoaren 4tik maiatzaren 27ra (asteartea).
- 10:30etatik 12:30etara.
- Dolu perinatala: Garazi Oiarbidek eskainiko du tailerra eta haurdunaldian, jaioberritan edota haurra galdu duten familiei zuzendutakoa da.
- Hiru saio izango dira, gaztelaniaz. Maiatzaren 5etik, maiatzaren 19ra (astelehena).
- 17:30etatik 19:00etara.
- Nerabeentzako ahalduntzea: Proiektu berria da eta Nuria Sociats psikologoak eskainiko du. Parte hartzaileen arabera forma hartzen ari den eta helburua espazio libre eta seguru bat eskaintzea da nerabe bakoitzak barruan duena konta dezan. Elkarrizketaren bidez edota artearen bidez burutik pasatzen dena askatzeko lekua izango da.
- 11 saio eta euskaraz eta gaztelaniaz. Urtarrilaren 14tik ekainaren 17ra.
- 15:00etatik 16:30etara.
Kirola, emakumeak eta aholkularitza
Ahalduntze Eskolarekin batera, zerbitzu berri bat iragarri dute gaurkoan: emakumeen bizitza aktiborako eta jarduera fisikorako orientazio zerbitzua. Maddi Marquet triatletak eta orientatzailea izango da zerbitzuaren arduraduna eta adierazi du arreta emakumeengan jarri nahi duela. Emakumeek hainbat muga dituztela gimnasioetara joateko edota inguruko kirol eskaintza ezagutzeko azaldu du eta testuinguru hori aintzat hartuta emango duela aholkularitza.
Egunerokoan bizitza aktiboa izateko izan daitezkeen zalantzak argitzeko edota osasun arazoen aurrean zein jarduera den egokiaz hitz egiteko plaza eskaini nahi du Marquetek. “Jarduera fisikoarekin lortzen dena ez da soilik fisikoa, zure bizitzako beste esparru batzuetara eramaten duzu eta ahalduntzea emozionala ere izaten da”, azaldu du.
Emakumeen Etxera deituta (943 505 505) eska daiteke Marquetekin hitzordua, baita Irungo Udaleko atal honen bidez ere (gaztelania hutsean dago orrialdea). Hilabeteko bigarren eta laugarren ostegun arratsaldetan egongo da Irungo Emakumeen Etxean.