Orain arteko desberdintasunak nola konpondu dituzten galdetu du EH Bilduk
Akordioa erdietsi dute jeltzaleek eta sozialistek sei urte geroago, eta abertzaleek galdetu diete ea nola bideratu dituzten orain arte izandako "desberdintasun nabarmenak" eta bi alderdien arteko harreman "kaskarra".

Atzo, udal gobernua osatzeko akordioa sinatu zuten PSE-EEk eta EAJk, eta horren harira, EH Bilduk adierazi du bi alderdiek ez dutela azalpenik eman orain arte izandako desberdintasunak nola bideratu dituzten. Halaber, abertzaleek ez dute argi ikusten hiriarentzako estrategikoak diren gaietan zein posiziotara iritsi diren.
Gogoratu dute 2018tik jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunak “nabarmenak” izan direla, eta bi alderdien arteko harremana, berriz, “kaskarra”. Horrez gain, Iruni begirako proiektu estrategikoetan posizio “kontrajarriak” izan dituztela iritzi du EH Bilduk, eta horregatik, gai horiek nola bideratu dituzten galdetu die bi alderdiei. “Hemendik aurrera bultzatuko diren neurriak zeintzuk izango diren azaldu ez izanak harritu du EH Bildu, eta herritarrei azalpen horiek zor zaizkie”.
Etorkizunik gabeko proiektuen zerrenda aipatu zutela atzoko agerraldian egotzi die bi alderdiei koalizio subiranistak. Atzo aurkeztu zuten akordioaren oinarrian, biharko osoko bilkuran onartuko dituzten udal aurrekontuen onarpena eta udal gobernu berriaren banaketa besterik ez dagoela deitoratu dute.
Estrategia komun baten falta sumatu dute abertzaleek. Akordioan ere hutsunea nabaritu dute hiriak dituen erronkei eman beharreko erantzunen bueltan. “Zeintzuk izango dira udal gobernu honen lehentasunak? Zein plangintza diseinatu da gaur egun hiritarrek dituzten beharrei erantzuteko? Zein da udal gobernu berri honen hiri eredua?.
Galdera horiek guztiak argitzea “oinarrizkoa” dela uste du EH Bilduk, betiere hiritarren interesen aldeko akordio batera iritsi direla argudiatu nahi izanez gero. Proiektu estrategikoen bide orria paralisi egoeran mantenduz gero, akordioak beste interes batzuei erantzuten diela frogatuko dela aurreratu du koalizio subiranistak.
EH Bilduk “arduraz” eta “anbizioz” Irunen eta irundarren beharrei begira lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Oroitu dute azken hauteskundeetan irundar gehiagok jarri duela haiengan konfiantza.
Azkenik, etorkizunera begira hiriak dituen “diagnostiko partekatu soila” baino gehiago zor zaiela irundarrei esan dute abertzaleek eta erronka horiei irundarren mesedetan erantzuteko baliatuko duela EH Bilduk gainerako erakundeetan duen ordezkaritza.