Gaixo onkologikoen bizi kalitatea hobetzeko elkarlanean dabil Plaiaundi
Baliabide digitalak sortzen ari dira gaixo onkologikoentzako eta haien familientzako. Besteak beste, tutorialak edo tailerrak.

Plaiaundi, Monte Albertia eta Inmaculada Lanbide Heziketak, Escivi zinema eta bideo eskolarekin batera, gaixo onkologikoentzako ongizate integrala hobetzeko proiektu berritzaile bat sortzen ari dira.
Zehazki, baliabide digitalak garatzen ari dira, profesional espezializatuek egindako tutorialak eta aurrez aurreko tailer eta hitzaldiak bilduko dituen webgune bat sortzeko lanean ari dira. Ikastetxeekin batera, AECC Gipuzkoa, Asgicer, Aspanogi, Izan Iñurri, Katxalin eta Donostiako Onkologikoa ari dira lanean.
Proiektua “anbiziotsua” dela aitortu dute lau eragileek eta helburua da pazienteen behar fisiko, nutrizional, psikologiko eta estetikoei erantzutea. Horretarako, minbizia pairatzen dutenen bizi kalitatean lagunduko duen laguntza sarea eta baliabideak sortuko dituzte.
Tutorialetan edota tailer eta hitzaldietan funtsezko gaiei buruzko orientazioa emango dute: elikadura osasungarriari buruzkoa, egokitutako jarduera fisikoari buruzkoa, ongizate emozionalari buruzkoa eta autozainketa estetikoari buruzkoa.
Proiektu honen bidez ikasleek bereganatutako ezagutza guztia Lanbide Heziketako sarea osatzen duten ikastetxeekin partekatu nahi dute, eta hori lortzeko xedez, prestakuntza materiala sortzen ari dira ere. Era horretan, ikasgeletara iritsiko da ikasitakoa, “inpaktua biderkatuz” eta kolektibo honi arreta emateko etorkizuneko profesionalak konpetenteago bilakatuz.
Proiektuaren iraupena urtebetekoa izan arren, sortutako baliabideen iraunkortasuna bermatzeko erakartze lanetan ari dira, hain zuzen, elkarte eta eragileei begira. Izan ere, gaixo onkologikoei eta haien familiei laguntzen jarraitu nahi dute, behin proiektua bukatuta ere. Ezagutza eta berrikuntza ongizatearen zerbitzura jarriko dute ahalegin kolektiboarekin.