Hasi dituzte Bidasoko Ospitalean eraikin modularra eraikitzeko lanak
Euskadiko Osasun Itunaren bilera egin dute gaur Ficoban. Bilera baino lehen Alberto Martinez Osasun sailburuak Bidasoako Ospitalea bisitatu du.

Euskadiko Osasun Ituna osatzeko bosgarren bilera egin dute gaur Ficoban, bigarren zikloa itxi duena. Hura baino lehen, Alberto Martinez Osasun sailburuak Bidasoako Ospitalera egin du bisita, eraikin modularra eraikitzeko lanak bisitatzeko.
Bidasoko Ospitalean Bloke Kirurgiko berria eraikitzeko lanak egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak 2025eko udazkenean. Baina horiek egin ahal izateko egun Zuzendaritzak eta Bidasoko ESIko zenbait sail eta zerbitzuk okupatzen duten espazioa hustu behar dute aurrenik. Zerbitzu horiek ospitaleko aparkalekuetan eraikitzen hasi diren eraikin modularretara lekualdatuko dituzte. Osasun sailak azaldu duenez, solairu bakarra eta forma etena izango du eraikinak, ingurunearen inpaktua minimizatzeko.
Hori eginda Bloke Kirurgiko berria egiteko lanekin hasiko lirateke. Horiek 18 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute; hortaz, 2027ko udarako bukatuta izatea espero dute. Sei ebakuntza gela, gaur egun baino bi gehiago, eta Suspertze Unitatea sortuko dituzte, “Bidasoko eta Bortzirietako biztanleen asistentzia beharrei erantzuteko”.
Aurreratu dutenez, obrek ez dute Bidasoko Ospitaleko jarduera kirurgikoan eraginik izango, eta beraz, pazienteek ez dute beste ospitale baliabide batzuetara joan beharko artatuak izateko.
Osasun sailburuak 2025a kalitatezko zerbitzuak emateko “urte klabea” izango dela ziurtatu du eskualdera egindako bisitan eta Osakidetza indartzeko plan bat dutela ziurtatu du ere. Une honetan eraikin modularra eraikitzeko lanak hasi dituzte, eta urte honetan Oinaurreko proiektuaren zein Irungo erdigunean sortuko duten anbulatorio berriaren idazketak lizitazio publikora aterako dituztela aurreratu du. Aipatutako proiektuak 2029rako bukatuta egongo direla zehaztu du ere; Oinaurreko lanak 2027an hasiko dira eta Irungo erdiguneko anbulatorioa 2028an.

Alberto Martinez Osasun sailburua eta Lore Bilbao sailburuordea.
Osasun ituna
Ficoban bildu da osasun-esparruko hainbat adituk, paziente elkarte ezberdinek eta zenbait sindikatuk osatzen duten osasun mahaia. Egindako bileran osasun itunak bildu beharko lituzkeen printzipio eta balioak jasotzen dituen dokumentua aztertu eta eragileen ekarpenak jaso dituzte.
Bilera honekin bigarren zikloa itxi eta hirugarrenari atea zabaldu diote. Fase berri honetan hurrengo sei alorretan garatu beharreko estrategiak izango dituzte hizpide: osasuna eta herritarren eskaria; kalitatea eta segurtasuna; profesionalak; informazioa; osasun-sektorea, balioaren eta hazkundearen sortzaile gisa; eta osasun-azpiegituren modernizazioa. Horiek jorratzeko lantaldeak sortuko dituztela adierazi du Osasun sailak, “prozesua dinamizatu eta arintze aldera”. Hurrengo bilera otsailaren 26an ezarri dute.