Irudi berria dauka adinekoen udal zerbitzuak
Adinekoei zuzendutako jarduerak zeintzuk diren identifikatzeko sortu dute irudi berria.

Gizarte Ongizateko arloak eskaintzen duen adinekoentzako udal zerbitzuak irudi berria dauka eta honen aurkezpen publikoa egin du Sandra Caballero ordezkariak.
Kanpainak Adinekoak Gogoz izena du eta harrera “bikaina” izan dela baloratu dute. Bide horri eusteko, identitate bisual berri baten beharra zegoela uste du Caballerok, jarduerak identifikatzeko eta erabiltzaileei bereizten laguntzeko.
Irudi berriarekin lehen begi kolpean identifikatu ahalko dituzte adinekoek haiei begirako jarduerak. Udal ordezkariak baieztatu du parte hartzea gero eta handiagoa Adinekoen Zerbitzuak antolatzen dituen jardueratan, eta horri esker, zerbitzua “entitate propio” bilakatu dela adierazi du udal ordezkariak.
Irudiarekin Irungo adinekoei “proaktibitaterako” deia egin nahi izan diote. Horretarako, hiru kolore erabili dituzte; urdinarekin zahartze aktiboa irudikatu nahi izan dute eta adinekoentzako udal lokal sozialen jakinarazpenetarako ere erabiliko dute.
Horia, bakartzeari aurrea hartzeko programa eta jarduerei begira hautatu dute, hala nola, laguntza gutunei. Azkenik, gorria zerbitzuaren barne jakinarazpenetarako erabiliko dute, besteak beste, mezu elektronikoetarako, txostenetarako eta idatzizko jakinarazpenetarako.