Alaine Agerralde, Euskadiko txapeldun eta Gipuzkoako errekorraren jabe
Pista estaliko Euskadiko Txapelketa absolutua eta autonomia erkidegoen arteko Espainiako Kros Txapelketak jokatu dira asteburu honetan. BATeko atletek emaitza bikainak eskuratu dituzte.

Asteburu honetan pista estaliko Euskadiko Txapelketa absolutua eta autonomia erkidegoen arteko Espainiako Kros Txapelketak jokatu dira. Bidasoa Atletiko Taldeak ordezkaritza zabala izan zuen bi hitzorduetan.
Anoetako (Donostia) pista estalian jokatu zen lehen txapelketa. Eskualdeko bost atletek Euskadiko txapela eskuratu zuten eta haietako batek, gainera, 20 urte azpiko Gipuzkoako errekorra hautsi zuen. Urrezko dominez gain, zilarrezko bi eta brontzezko lau lortu zituzten.
Emakumezkoetan Alaine Agerraldek 55,93 segundoetan gelditu zuen kronoa 400 metroko proban. Denbora hori lortzeak Gipuzkoako 20 urte azpiko errekorra haustea suposatu zuen. Zuriñe Celisek luzera jauzian eskuratu zuen garaipena, 5,66 metroko jauzia eginez. Lehiaketan erregulartasun handia erakutsi zuen. 800 metroetan, berriz, Ainhoa Idoiagak 2:13,56ko denbora egin eta alde handiarekin irabazi zuen.
Gizonezkoetan Ander Anglada Euskadiko txapeldun izendatu zuten. 800 metroko proban parte hartu zuen eta kronoa 1:53,51n gelditu zuen. Iker Arotzenak luzera jauzian eskuratu zuen garaipena 7,35 metroko jauzia eginez.
Txapelketa berean Goizane Garcia eta Gonzalo Tamayo txapeldunorde izan ziren, biak ala biak pisu jaurtiketa proban. Garciak 12,37 metroko jaurtiketa burutu zuen, Tamayok aldiz, 13,86 metrora bota zuen pisua.
Nerea Oiartzabal bueltan da, eta nola gainera, 1,58 metroko jauziarekin hirugarren izan zen Euskadiko Txapelketan. Irune Muguruzak ere brontzea eskuratu zuen asteburuan. 56,90 segundoan burutu zituen 400 metroak. Sara Mancisidor izan zen brontzea eskuratu zuen beste atletetako bat. 1500 lasterketa burutu zuen irundarrak, kronoa 4:59,42an geldituz. Azkenik, Juan Errandonea ere hirugarren izan zen salto hirukoitzeko proban. 14,52 metroko jauziak odiumeko hirugarren tokira eraman zuen.
Kros Txapelketa
Larunbatean Madrilgo Cerro de los Ángeles parkean jokatu zen autonomia erkidegoen arteko Espainiako Kros Txapelketa. BATeko ordezkariak Lukas Cabezon, Urko Ibarguren, Julen Mendoza, Ander Aramendi, Mikel Aramendi eta Irati Erro izan ziren. Horiek, gainera, Euskadiren ordezkaritzaren parte izan ziren.
Lukas Cabezonek, Urko Ibargurenek eta Julen Mendozak 18 urte azpiko kategorian parte hartu zuten. Cabezon 18. izan zen, Ibarguren 32. eta Mendoza 41. Taldeak orokorrean 6. bukatu zuen.
Ander eta Mikel Aramendik 20 urte azpiko kategorian parte hartu zuten. Lehenak 11. postu bikaina eskuratu zuen eta Euskadiko selekzioko lehen partaidea izan zen. Bigarrenak 42. postuan bukatu zuen lasterketa. Taldeak orotara 6. bukatu zuen.
Emakumezkoen 20 urte azpiko taldean izan zen Irati Erro. 71. bukatu zuen, Euskadirentzat puntuak bilduz. Taldeak orokorrean 11. bukatu zuen.