Santiago bisitatuko du Cristina Labordak
Hilaren 29an gerturatuko da Alkatea auzoetan programaren barruan. Bestalde, Arbesko konpromisoak zeintzuk diren errepasatu du.

Alkatea auzoetan programa jarraiki, Santiago auzora gerturatuko da Cristina Laborda alkatea. Denboraldi honetan, Behobian, Urdanibia Berrin, Lapitze-Elitxun, San Migelen eta Arbesen egon da, hilabete bakoitzean auzo batean.
Bertatik bertara ezagutu nahi dituzte auzotarren beharrak eta alkatearen hitzetan, programa honen bidez “itxuraz txikiak diren proiektuen bidez, parte hartzean oinarritutako hiri inklusibo bat eraikiko dugu”.
Santiagoko kaleetan barna hilaren 29an egongo da Laborda, 17:00etan. Ondoren, bertako auzo elkartera joango da, 19:00etan, eta auzotarrekin elkartuko da. Auzotarren proposamenak egin ahalko dituzte bertan eta udalaren orrialdean horien jarraipena egin.
Arbes
Alkateak bisitatu zuen aurreko auzoa Arbes izan zen eta bertan hartu zituen konpromisoak zeintzuk diren gogoratu ditu. Batetik, hainbat eserleku jartzea onartu zuten, Palmera Monteroren eta Arbesko Errotaren inguruan; bigarrenik, bilera ireki bat egiteko konpromisoa hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetatik obra proiektua jasotzen dutenean; azkenik, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo kalean bateriako aparkalekuen plazen margotzera konprometitu da.