Manifestazioa migrazio politika ankerren aurka
Bidasoko zazpi militante epaituko dituzte hilaren 28an, Korrikarekin batera 36 migratzaileri gurutzatzen laguntzea akusatuta. Etzi, hilak 26, manifestazioa egingo da Irundik Hendaiara.

Ipar Euskal Herriko eta konkretuki Bidasoko zazpi ekintzaile 23. Korrikarekin batera 36 migratzaileri Santiago zubia zeharkatzen laguntzeagatik deklaratzera deitu dituzte Baionako epaitegira hilaren 28an. Dena den, iaz egindako Korrika bukatu zenean, Euskal Herriko hogei eragile baino gehiagok bere gain hartu zuten ekintza hau. Epaileak, baina, zazpi ekintzaileri egin die dei deklaratzeko.
Auzi honen aurrean, eragile berdinek, azaroan, akusatutako zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko eta migrazio politikak salatzeko autoinkulpazio kanpaina bat aurkeztu zuten, eta dagoeneko 1.000 autoinkulpazio baino gehiago jaso dituzte. Autoinkulpazio dokumentuak epaitegiaren ateetara eramango dituzte eta beharrezkoa izatekotan juridikoki erabiltzeko baimena eskatuko dute.
Halaber, nazio manifestazioa ere deitu dute igande honetarako (hilak 26) Irungo Ficobatik Hendaiara. Deialdia 11:30ean jarri dute, J’acusse aldarripean abiatuko dira.
Autoinkulpazioa
Guztira berrogei eragile baino gehiagok hartu dute autoinkulpazio kanpainaren kudeaketaren ardura. Horiek epaiketa ez dutela onartzen adierazi dute eta epaitu beharrekoa ez dela elkartasuna, ezta pertsona guztien eskubideen alde egiten ari direnak. Aitzitik, migrazio politika ankerrak eta hiltzaileak, muga arrazista eta bidegabeen errudun diren agintari eta legeak zigortu behar direla uste dute. Bidasoa ibaian eta trenbideetan ito diren bederatzi migratzaileen heriotzen arduraduntzat jo dituzte migrazio politika arrazistak defendatzen dituztenak. Horregatik, eragile sareak, zazpi ekintzaileen berehalako kargu gabetzea aldarrikatuko dute etzi.
Manifestazio honetan Europako migrazio politika errepresiboak eta Frantziako gobernuak eskuin muturraren laguntzarekin ezarri duen azken immigrazio legea salatuko dituzte. Halaber, mugak «behin betiko» irekitzea, eta bereziki Irun eta Hendaia arteko zubi guztiak irekitzea aldarrikatuko dute; «guztion zirkulazio askea eta bertan gelditzeko eskubideak bermatzeko».
Autoinkulpazioa sinatu nahi dutenek oraindik aukera daukate eta
bidasoa.hitza.eus orrialdean topa daiteke dokumentua. Bestalde, Irungo Larragane ostatuan ere dokumentu hauek topa daitezke.