Inauterietako kartel irabazlea Silvia Gonzalez Diezena da
'Arte en Carnaval' izena du afixak eta sari nagusia poltsikoratu du. Accesita, berriz, Unai Busqueten 'Puntu kardinalak' lanarentzat izan da.
Inauteriak otsailaren 27tik martxoaren 4ra izango dira eta Irungo Udalak dagoeneko jakinarazi du zein kartelek iragarriko dituen hirikoak: Arte en Carnaval afixa da garailea. Silvia Gonzalez Diez irundarrarena da lana eta 600 euroko saria irabazi du. Horrez gain, Puntu kardinalak lanagatik accesita jasoko du Unai Busquet San Salvadorrek, 200 eurokoa.
Aurtengo lehiaketara 22 lan aurkeztu dira eta horiek ikusteko aukera egongo da Amaia KZko erakusketa gelan. Otsailaren 18tik martxoaren 4ra egongo da erakusketa, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara. Asteburu eta jaiegunetan, berriz, 11:30etatik 13:30etara. Ia lan guztiak egongo dira ikusgai, hiru izan ezik, ez baitzituzten baldintzak betetzen.
Epaimahaia Inauterietan parte hartuko duten konpartsetako ordezkari banak osatu dute: Pauso-K; Danza Ainhoa; Aurreratu elkartea; Carlos Zapirain dantza eskola; El Pilar AMPA; Gazte Landetxa gazte elkartea; Trikuharri elkarte soziokulturala; Jazzarte dantza estudioa; La Salleko AMPA San Juan Arri guraso elkartea; Mydance estudioa; Santiagoko Deabruak; eta San Vicente de Paul guraso elkartea.