Inauterietako desfilean izena emateko azken eguna otsailaren 14a
Inauterietako desfilean izena ematen duten taldeak automatikoki inskribatuko dira konpartsen lehiaketan. Aldi berean, erakusleiho lehiaketan izena eman daiteke ere.

Martxoaren 2an egingo den Inauterietako desfilean parte hartzeko izen ematea zabaldu dute jada eta inskripzioak otsailaren 14ra arte egin ahal izango dira. Dokumentazioa udal erregistro elektroniko bitartez aurkeztu behar da.
Desfilean parte hartzen dutenak automatikoki inskribatuko dira konpartsen lehiaketan. Urtero bezala lau sari banatuko dituzte: pertsona bakarreko konpartsa onena (A taldea), 2 eta 5 lagun arteko konpartsa onena (B taldea), 6 eta 15 lagun bitarteko talderik onena (C taldea) eta 15 lagunetik gorako konpartsa onena (D taldea). Azken honetan ez da herrizkako bereizketarik egingo.
Erakusleiho lehiaketa
Hondarribiko saltoki eta merkatalguneek ere lehiaketa propioa izango dute. Kasu honetan, Hondarribiko Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak antolatu du. Helburu nagusia herriko establezimenduak inauterietako motiboz apaintzea da, jaien parte izan daitezen eta herriari kolorea jarri diezaioten.
Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira udal egoitza elektronikoan. Izen ematea zabalik da ere eta otsailaren 14an itxiko da. Erakusleihoek otsailaren 27tik martxoaren 3ra arte egon beharko dute apainduta.
Diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena izango ditu kontuan epaimahaiak. Erakusleiho onenak 450 euro jasoko ditu, bigarren sarituak 300 eta hirugarrenak 200. Sariei PFEZ kenduko zaie gero.