Guadalupeko gotorlekua Memoria Demokratikoaren leku izendatzea eskatu du PSE-EEk
Gotorlekuan askatasuna kendu zieten pertsonen omenez egindako eskaera bat dela adierazi du alderdi sozialistak.

Hondarribiko PSE-EEk Guadalupeko gotorlekua Memoria Demokratikoaren leku izatea eskatu dio Hondarribiko Udalari. Alderdi sozialistaren ustez Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 legeko 49. artikuluan xedatutako baldintza guztiak betetzen ditu eremuak. Artikulu horrek dio Memoria Demokratikoaren lekuak baldintza historiko batzuk bete behar dituela, hala nola garrantzia historiko eta sinboliko bat edukitzea edota 1936ko gerrako eta diktadura frankistako errepresioari, eskubideen eta askatasunaren aldeko borrokari edota emakumeen aurkako memoria urraketei lotuta egotea.
Guadalupeko gotorlekuan askatasuna kendu zieten pertsona guztien omenean egindako eskaera bat dela adierazi du alderdi sozialistak: “Funtsezkoa da Guadalupeko gotorlekua oroimen demokratikorako leku gisa aitortzea. Bertan, diktadura frankistan errepresio eta sufrimendu uneak bizi izan ziren. Oso garrantzitsua da oroimena bizirik mantentzea eta askatasuna kendu zieten pertsona guztiei omenaldia egitea, haien heriotza eta sakrifizioarekin gaur egun ditugun oinarrizko eskubideak lortzen lagundu baitzieten”. Horrez gain, Hondarribiko PSE-EEk hainbat datu gehitu ditu. 1934. urteko Urriko Iraultzan presoentzako espetxe gisa erabili zen gotorlekua, eta 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarrari aurre egin zitzaion bertan. Estatu kolpe horren harira hainbat hildako izan ziren gotorlekuan.
1994. urtetik aurrera kultura intereseko ondasuntzat identifikatzen da, eta 2012an Eusko Jaurlaritzak Donejakue bideari lotutako babestutako ondare elementu gisa izendatu zuen.
Oiartzungo lubaki eremuaren parte
1900. urtean inauguratu zuten gotorlekua. Juan Roca Estades ingeniari militarrak diseinatu zuen, eta Oiartzungo lubaki eremuko parte izatea zen asmoa. Lubaki eremua zortzi gotorlekuz osatu behar zen, baina azkenean, soilik hiru egin ziren: Guadalupekoa, San Markosekoa (Errenteria eta Donostia) eta Txoritokieta (Errenteria eta Astigarraga). Hiruetatik gotorleku handiena zen Guadalupekoa, eta ia 1970. urte arte iraun zuen bere funtzioetan. Espetxe moduan erabili zen maiz, eta Donostiako Artilleria Komandantziaren eskola praktikoen egoitza izan zen. Guztira, 30.000 metro karratu inguru ditu gotorlekuak.
Gaur egun, Arma Plaza Fundazioaren ardurapean dago eremua, eta asteburuetan bisitak egiten dituzte.