Irungo maskoten ongizaterako udal ordenantza aurkeztu dute
Txakurren eta katuen jabeei begirakoa da nagusiki. Ordenantza otsaileko osoko bilkuran onartzeko asmoa du udalak.
Irungo maskoten babesa, ongizatea eta ardura arduratsua arautzeko udal ordenantza idazten ari da udala iazko apiriletik, eta gaur, orain artekoaren berri emateko agerraldia egin du gaur Sergio Javier Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkariak. Asmoa, ordenantza otsaileko osoko bilkuran onartzea da.
Udal ordezkariaren arabera, udalak argi dauka maskota eta animaliekiko sentsibilitatea gero eta handiagoa dela gizartean eta horien ongizateak ildo beretik joan behar duela adierazi du. Idazten ari diren ordenantza honetan eskubide berriak jaso dituzte, hirian animalia baten jabe direnentzako betebehar berriekin batera.
Txakurren eta katuen jabeei begirakoa da ordenantza. Hala, txakurren jabeek erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko dute, eta bide publikoan uzten dituzten gernua eta gorozkiak garbitzeko betebeharra daukate.
Katuen jabeek, berriz, mikrotxipa jarri beharko diete haien maskotei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean inskribatu beharko dituzte. Aldi berean, katu koloniak aldian-aldian kontrolatuko dituztela aurreratu dute; katuak harrapatu, esterilizatu eta jatorrizko koloniara itzultzeko metodoa baliatuko dute.
9/2022 Legeak Euskal Autonomia Erkidegorako eta 7/2023 Legeak Estaturako ezartzen dituzten eginbeharrak betetzeko, alkatetzaren 2024ko uztailaren 24ko ebazpen baten bidez katu kolonien kudeaketa etikorako programa bat onartu zuten. Horrela, katuak harrapatu, esterilizatu eta jatorrizko koloniara itzultzeko metodoaren alde egin nahi dute, Irungo katu kolonietako populazioa kontrolatzeko.
Hiriko kolonien errolda egina dute, eta 9/2022 eta 9/2023 Legeak betetzeko, katu koloniak kudeatzeko beharrezkoak diren lankidetza hitzarmenak idazten ari dira.
Osasun programa hau albaitarien elkargo bateko profesional batek sinatu eta ikuskatu duela azaldu du Javierrek. Programa honetan katu kolonietako mitxinei parasitoak kentzea eta txertoak jartzea zehaztu dute, mikrotxipa udalaren izenean jartzearen betebeharrarekin batera. Bide horretan, “katu lagunkoiak” eta haien kumeak adoptatzeko oinarrizko konpromisoa hartu du bere gain udalak.
Iazko azaroan animaliak babesteko elkarteetako ordezkariekin eta adituekin bildu zen udala eta ordenantzaren zirriborroa aurkeztu zieten. Orain, zirriborroa hobetzeko ekarpen eta iradokizunak egin ditzakete.