Erantzun zabala izaten ari da hezkuntza publikoko irakasleen greba
Bidasoko datuen arabera (ikastetxeetako zuzendaritzek eman dizkiote HITZAri), Irun eta Hondarribiko hezkuntza publikoko irakasleen %55,96k babestu du greba.

Greba deialdia dute gaur eta biharko hezkuntza publikoko irakasleek, eta jarraipen zabala egiten ari dira Bidasoko ikastetxeetan. Hala erakutsi dute HITZA-k Irun eta Hondarribiko ikastetxe publikoetatik jasotako datuek. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara. Sindikatu deitzaileek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako grebak jarraipen zabala izan du gaur, %75ekoa. Eusko Jaurlaritzak bestelako datuak eman ditu, eta haren arabera, irakasleen %48k babestu du greba.
Bidasoko datuen arabera (ikastetxeetako zuzendaritzek eman dizkiote HITZAri), Irun eta Hondarribiko hezkuntza publikoko irakasleen %55,96k babestu du greba.
Greba deialdiaren atzean dauden arrazoiak azaldu dituzte sindikatu deitzaileek: Hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzea, babestu behar den hezkuntza publikoaren aldeko apustua egitea eta eskola publikoa erdigunean jartzea: “Hezkuntzako langileon lan baldintzek okerrera egin dute, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak etengabe luzatzen dituztelako eduki esanguratsurik gabe”.
Bihar ere grebara deituta daude hezkuntza publikoko irakasleak, baita otsailaren 26 eta 27an ere.
Ondoren ikus daiteke grebarekin bat egin duen Irun eta Hondarribiko hezkuntza publikoko irakasleen portzentaia, ikastetxez ikastetxe.
Hondarribia
- Talaia HH-LH: %42
- Talaia DBH: %23
Irun
- Elatzeta HH-LH: %70,5
- Lekaenea HH-LH: %65
- Belaskoenea HH-LH: %70
- Dunboa HH-LH: %90
- Txingudi HH-LH: %70
- Toki Alai HH-LH-BHI: %55
- Bidasoa LHII: %18,18
[OHARRA] Ikastetxe guztiekin jarri da harremanetan HITZA. Batzuk ez dute datua eman nahi izan, eta beste batzuekin ezinezkoa izan da hitz egitea.