Porrot gogorrak Txingudi Errugbiko senior taldeentzat
Kanpoan jokatu dute biek ala biek eta porrotarekin bueltatu dira. Garaipenaz disfrutatu duten bakarrak 18 urtez azpiko taldekoak izan dira.

Txingudi Errugbiren bi senior taldeek porrot gogorrak bizi zituzten aurreko asteburuko jardunaldietan. Aldiz, 18 urtetik beherako taldeak garaipena dastatu zuen Hiruherri taldearen kontra.
Zaisa Txingudik Envases Riojaren aurka aritu zen eta markagailua 3 eta 63koa izan zen amaieran. Partidu osoan zehar errioxarrena izan zen baloia, baina Bidasoko jokalariak ez ziren kikildu eta defentsa eraginkorra erakutsi zuten lehenbiziko minutuetan.
Izan ere, bisitarien zelaian aritu ziren hainbat minutuz markagailua bere alde mugitzea lortu zuten arte. Hagetatik gertu aldeko zigor kolpe bat lortu ondoren, Lutxo Etxebarriak hiru puntuak eta emaitzan aurretik jartzea lortzeko ostikada eman zuen seigarren minutuan (3-0).
Hortik aurrera, Envases Rioja jaun eta jabe izan zen eta, hiru minutu geroago, entsegu baten bidez markagailua iraultzea lortu zuten (3-5).
Dena den, Plaiaundikoek defentsa sendoa erakutsi bazuten ere, intentsitate puntu bat falta izan zitzaien eta Logroñokoen hiru laurdenak aprobetxatu zuten. Atsedenaldian, emaitza 3 eta 27koa zen, Riojak 5 entsegu eta eraldaketa bat lortu baitzituen.
Bigarren zatian, Iñigo Camarero Taus eta Leire Muñoz Caok entrenatzaileen aulkia mugitu zuten taldea indarberrituz. Zaisa Txingudik azken minuturaino borrokatuko zuela ikusirik, bisitariek erritmoa igo eta defentsa beste sei alditan zulatzea lortu zuten.
Hala ere, azkeneko minutuak Bidasokoenak izan ziren, defentsa atzera eramatea lortu zuten errioxarren entsegu eremura iritsi arte. Azkeneko jokaldietan Txingudiren entsegua iristear egon zen, baina defentsaren lan eraginkorrak eta azken uneko baloi galera polemikoak markagailua 3 eta 63koan utzi zuen.
Taldeak hurrengo jardunaldia otsailaren hasieran izango du Iruñaren aurka, eta asteburu honetan atsedenaldia izango dute.
Aitor Asurmendi, Xabi Sanchez, Aritz Rodriguez, Imanol Rodriguez, Jon Mediavilla, Julen Iglesias, Juan Carlos Lora (kapitaina), Hector Pescador, Ioritz Franco, Lutxo Etxebarria, Hodei Guerrero, Mikel Genua, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alberto Robleda zelairatu zituzten Iñigo Camarero Taus eta Leire Muñoz Caok larunbatean Plaiaundin. Joao Costa, Jon Sanchez, Pablo Besga, Odei Alonso eta Jeno Kocsis aulkian hasi ziren. Epailea Igotz Gallastegi izan zen.
Biok Txingudi
Biok Txingudi taldeari zail egiten zaio Gasteizko Gaztediren etxean jokatzea. Oraingoan, markagailuak adierazi duena baino partida berdintsuagoa jokatu zuten, baina ahaleginak ez ziren nahikoa izan eta etxekoek ez zituzten aukerak alde batera utzi.
Txingudik ezin izan zuen ezer egin Gaztedik lehenengo minutuetan erakutsitako nagusitasunarekin eta Plaiaundikoek hogeita bi puntuko aldea lortu zuten hasi eta lehenengo hogei minutuetan (0-22).
Biok Txingudik lehenengo aldaketak egin zituen eta lehia parekatzen joan zen, hogeita hamalaugarren minutuan Enara Arrutik defentsa haustea lortu zuen arte, hurrengo fasean, Paola Vegak entsegua lortzeko. Arrutik ondorengo eraldaketa gehitzea lortu zuen markagailuan 7 eta 22koa jartzeko.
Atsedenaldiaren ondoren, Gaztedik bost puntu gehiago lortu zituen abantaila handitzeko (7-27), baina jokoa parekatua izaten jarraitu zuen. Azkeneko hogei minutuetan, lehenengoen antzera, Plaiaundikoek eraginkortasun handiagoa erakutsi zuten eta aldea handitzen joan ziren amaierako 7 eta 49a arte.
Biok Txingudi sailkapeneko laugarren postuan dago, bi jardunaldietan partida bat irabazi eta beste bat galdu ondoren. Datorren larunbatean ligako liderra, Uni Bilbo, jasoko dute Plaiaundin.
Hasierako hamabostekoan Lucia Duran, Garazi Santos, Maren Santa Cruz, Camille Buros, Maddi Garmendia, Sandra Ramos, Lohitzun Aia, Miren Fernandez, Leire Muñoz, Enara Arruti (kapitaina), Ane Novo, Alba Saiz, Paola Vega, Lur Gaston eta Uxune Aranburu izan ziren zelairatuak. Saioa Gartzia, Maddalen Alberdi, Zumendi Caro, Lupe Pescador, Jessica Gomez, Irati Beraiz eta Laida Rodriguezek aulkian hasi zuten partida. Epailea Ivan Peñalba izan zen.
18 urtez azpiko taldea, garaipena lortzen bakarra
Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan martxa hartzen ari dela erakusten ari da azkeneko asteetan. Larunbatean Donostiako Puio zelaiaren estreinaldian Hiruherri taldearen aurkako garaipena lortu zuen 34 eta 28ko markagailuarekin. Norgehiagokan aritu ziren Txingudiko jokalariak Rares Radulescu, Oier Olaso, Hodei Aizpurua (kapitaina), Aritz Arrieta, Markel Moratinos, Aitor Emazabel eta Julen Etxeberria izan ziren.
Bestalde, Txingudi/Baztan/Orereta 14 urtez azpiko taldeak, 5 eta 17 galdu zuen Bultz Bera Beraren aurka Gipuzkoako ligako lehenengo fasearen azkeneko jardunaldian eta Txingudi/Baztan 16 urtez azpikoek ezin izan zuen Hiruherri etxean garaitu (15-36).
Azkenik, Txingudi/Orereta eskolako jokalariek ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera izan zuten igandean Donostian Hernani, Atletico San Sebastian eta La Unicarekin ospatutako topaketan.