Hizkuntza politikak eguneratzea eskatu dio udalari Aski da! plataformak
Udalak abenduan deitutako bilera "txinpartak baretzekoa" izatea salatu dute. Orian, patxadaz antolatu du bilera plataformak gauzak "ongi egiteko" eta udalari gonbidatu diote.

Iazko abenduan Irungo 35 eragilek euskaraz bizitzeko “benetako politika ausartak” eskatu zizkioten udalari. Eskaera hau Eguberrietako argiak pizteko hiriko ekitaldiak berretsi zuen, osorik gaztelaniaz egin baitzen.
Asteburu batean antolatu ziren eragile guzti horiek eta hilabete gerora, Aski da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu! plataforma izena jarri diote taldeari. Hasierako eragile kopuruari beste bost batu zaizkio, tartean, Oarso Bidasoko HITZA.
Gogoratu beharra dago salaketa publiko honen harira, Irungo Udalak barkamena eskatu zuela, zeina “baikorki” baloratu duten. Halaber, bilera batera gonbidatu zituen udalak dokumentua sinatu zuten eragileak nahiz argien pizte ekitaldian parte hartu zuten beste eragileak.
Gaur salatu dute udalaren elkartze gonbidapena 48 orduko epean egin zuela udalak eta “aldebakarrez erabakitako baldintzetan”. Iazko abenduaren 11erako egin zuen deia udal gobernuak, baina Aski da! plataformak salatu du deialdi honen helburua ez zela “euskarak duen tratamendua zuzentzea”, baizik eta plataformak egindako salaketak piztutako txinpartak baretzea baizik. “Baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua dela iragarri genuen, eta beraz, udalak ez du oraindik kolektibo honen eskariari erantzun, ezta gutxiago ere”.
Beraz, baloratu zuten ez zela plataformak egindako eskariei begirako bilera, eta xede horiek dituen bilera “aurrerago eta lasaitasunez” antolatzeko erabakia hartu zutela jakinarazi dute gaur. Erabaki hau udalari jakinarazi ziotela azaldu dute eta bien bitartean, hilabete hauetan ez dira geldirik egon.
Aski da! plataformak abenduan salatu zuen bigarren mailako herritarrak direla udalaren aurrean eta horretara ohituta daudela. Bada, pazientzia agortu zaie eta udalari euskarak eta euskal kulturak merezi duen begirunea exijitu diote. Izan ere euskara “gehiegitan” ikusezin egin dute, eta euskara eta euskaldunak existituko ez balira bezala jokatzen du udalak.
Udala eta euskararen arteko auzia urteetan luzatutako auzia dela salatu dute, eta egoera hau zuzentzeko premia dagoela uste baduten arren, ez dute presarekin egin nahi, “ongi baizik”. Horretarako, denen parte hartzea behar dutela diote, saretzea behar dela, “euskararen geroa ez baita egun batetik bestera konponduko Irunen, eta denon parte hartzea ezinbestekoa izango da aurrera begira”.
Euskarak merezi duen tokia izateko “elkarlana” eskatu dute “modu iraunkorrean” landu dadin. Udalak ezin duela isilarena eman adierazi dute eta euskarak Irunen bizi duen egoera larriari ez ikusiarena egiten ezin dutela jarraitu iritzi dute.
Udalari auzia serio hartzeko eskatu diote, eta plataformak udalak bultzatzea nahi dituzten hizkuntza politikak aztertu dituzte eta hausnarketa sakon baten ondoren, hizkuntza politikak eguneratzeko beharra identifikatu dute. “Ilusioak berritu, eta agenda eta helburu jakinen gainean lan egiteko asmoa dugu, jarraipena izango duen euskararen aldeko plan estrategiko berri bat martxan jartzeko”.
Hausnarketako proposamenak udal gobernuarekin partekatu nahi dituzte eta bildu eta elkarlanean aritzeko deia egin diote. Asmoa, ilusioak berritzea eta agenda eta helburu jakinen gainean lan egitea izango da, jarraipena emango zaion euskararen aldeko plan estrategiko berri bat sortzeko.