Grebara deitu dituzte hezkuntza publikoko langileak
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek hamabi eguneko greba zikloa aurkeztu dute. Hilaren 22 eta 23an, irakasleen lanuzteak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan greba egunak deitu dituzte urtarril eta otsailerako LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek. Irakasleak, sukalde eta garbiketako langileak, eta Haurreskolak partzuergoko langileak daude grebara deituta. Hilaren 22 eta 23an (asteazkenean eta ostegunean) irakasleentzat greba deialdia luzatu dute, baita otsailaren 26 eta 27rako ere; Haurreskolak partzuergoko langileak hilaren 28 eta 29rako nahiz otsailaren 12 eta 13rako deitu dituzte grebara; sukalde eta garbiketako langileenak hilaren 30 eta 31rako, nahiz otsailaren 29 eta 20rako dira.
Uste dute badagoela greba egiteko arrazoirik. Azaldu dutenez, sindikatuek bat egin dute hainbat motiboren bueltan: hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzea, babestu behar den hezkuntza publikoaren aldeko apustua egitea eta eskola publikoa erdigunean jartzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila berria den arren, azken urteotako jokamolde berbera du, sindikatuen arabera: “Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak etengabe luzatzen dituztelako eduki esanguratsurik gabe”.
Horiek horrela, iruditzen zaie ez zaiela geratu grebara jotzea beste aukerarik. Azaldu dutenez, grebara deitu dituzten talde guztietako lan hitzarmenak iraungita daude, eta negoziatzeko garaia da orain: irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, eta sukaldeetakoa, garbiketakoa eta Haurreskolak partzuergokoa 2009tik. “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzeari dagokionez”.
Zazpi eskaera
Sektore bakoitzerako ondutako eskaerak badituzte ere, zazpi eskaera nagusi dituzte guztientzat: lan zama geroz eta handiagoak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa aurreratzeko lanpostuen gaztetze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; lanpostu publikoak egonkortzea; eta lanpostuak bermatzea eta egonkortzea, “jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz” ikastetxe publikoak bateratzea eta ixtea erabakitzen ari diren honetan. Horietaz gainera, zera eskatu dute: hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea; azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea, langileen lan osasuna zaintzeko eta bermatzeko; eta baliabideak jartzea, “kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak” garatu ahal izateko. Oraindik ez dute zehaztu greba egunetan zein mobilizazio egingo dituzten.