Psikofarmakoak eta osasun emozionala, tailer batera
Otsailaren 7tik apirilaren 11ra iraungo dute tailerrek, eta 18 urtetik gora duten eta psikofarmakoak hartzen dituzten emakumeei zuzenduta dago.

Bigarren aldiz antolatu du Irungo Udalak osasun emozionalari buruzko tailerra eta haren aurkezpena egin zuten atzo Emakumeen Etxean Sandra Caballerok, Gizarte Ongizateko ordezkariak eta Maider Andonegik, tailerretako psikologoak.
Tailer hau 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutakoa da, baina psikofarmakoak hartzen dituzten edo horiekiko mendekotasunean erortzeko arriskuan daudenei; baldin eta patologia psikiatrikorik ez badute eta beste substantzia psikoaktiboekiko adikziorik ez badute.
Otsailaren 7tik apirilaren 11ra egingo dira tailerrak eta bi orduko saioak izango dira. Astean behin elkartuko dira eta gehienez 15 parte hartzaile egongo dira. Izena emateko epea hilaren 23an bukatzen da eta horretarako 010 edo 943 50 51 52 telefonoetara deitu behar da.
Lehenbiziko tailerrak “harrena ona” jaso zuela oroitu du udal ordezkariak, eta beraz, argi izan dutela “ildo beretik” jarraitu behar dutela. Horregatik, bigarren aldiz antolatu dute tailerra “emakume ugarirentzako lagungarri” izango delako.
Programa honen helburua parte hartzaileei kontsumoa murrizteko prozesuan laguntzea da, eta prozesu horretarako tresna alternatiboak eskaintzea, hala nola, autokontrol emozionala, errealitateari aurre egiteko teknikak, laguntza soziala edo erlaxazio eta arnasketa teknikak antsietatea gutxitzeko.
Udalaren arabera, azken azterlanetan jaso dute psikofarmakoen kontsumoa handitu egin dela emakumeen artean –antsiolitikoak, antidepresiboak eta hipnotikoak–. Arazo emozionalengatik lehen mailako arretara jotzen duten emakume kopurua “oso handia” dela azaldu dute. Bide horretan, Irungo Adikzioen IV. Planean jaso dute tailer hau eta uneotan idazten ari den V. Planaren parte ere izango da.
Maider Andonegi psikologoak gidatuko du tailerra. Tailerreko saio batean kolaboratuko Irungo Osasun Mentaleko Zentroak, Cristina Erauskin psikologoaren hitzaldi batekin.