Udalak 588 metro koadroko lokal bat utziko dio Osasun Sailari
Elitxun dago lokala, Alarde eraikinean eta egokitu egin behar da lehen arretarako. Udala Osasun Sailaren erantzunaren esperoan dago.
Erdiguneko anbulatorioan hainbat barrakoietan ari dira lehen arreta eskaintzen eta Cristina Laborda alkateak gaur adierazi du Lapitze-Elitxuko Alarde eraikinean dagoen 588 metro karratuko lokal bat eskaini diotela Osasun Sailari, barrakoiak ordezkatzeko. Orain, Osasun Sailaren erantzunaren esperoan dago udala.
Labordak azaldu du egokitu egin behar dela lokala, baina lan horiek egitea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela adierazi du alkateak. Bertan, lehen arretako hainbat kontsulta kokatuko lirateke. Kontsulta hauek Oinaurreko erietxea eraiki bitartean izango litzateke Osakidetzarentzat.
Oinaurreko anbulatorioa duela hamar urte eraiki behar zela oroitu du Labordak baina proiektua geldirik egon den bitartean, lehen arretaren narriadura eragin duela uste du. “Bitarte horretan soluzio bat eman behar zaio narriadura horri, nagusiki Erdiguneko anbulatorioan gertatzen den egoerari”. Horregatik eskaini dutela lokala azaldu du. Bestalde, alkateak goretsi egin du Osasun Sailak onartu izana Oinaurreko erietxea eraikitzea.