Terrazak, herritarren topagune izateko bidean
Terrazen ordenantza lantzen hasi da udala. Aurre fase batean bizilagun, ostalari, udal tekniko eta desgaitasunen bat duten pertsonekin bildu dira eta hilaren 20an parte hartze prozesua zabalduko dute.
Hondarribiko Udalak terrazen inguruko ordenantza bat lantzeko proiektua abiatu du. Xehetasunak Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea Hirigintza eta Jarduketa Ekonomikoko zinegotziak eman dituzte gaur goizean eman duten prentsaurrekoan.
Ostalaritza establezimenduak hiriko jarduera ekonomiko esanguratsuena dira, eta azken hamarkadan, eta, batez ere, pandemiaren eraginez, gizartearen zein ostalaritzaren ohiturek “aldaketa” bat jasan dutela kontatu du Urtizbereak. “Erabiltzaile hauek kaleko espazioa erabiltzea eskatzen dute eta ostalariek egin dutena da eskaera horri egokitu. Zer gertatzen da? Egokitze hori egin dela araurik gabe. Eta iritsi gara puntu batera non arau falta horrek eragin ditu desorekak eta egonezinak. Bai ostalarien artean, eta baita bizilagunen artean ere”.
Urteetan ez da espazio publikoaren erregulaziorik izan, —2005ean onartu zen Alde Zaharrean terrazak jartzeko ordenantza, baina horrek hutsuneak sortu zituen hiriaren gainontzeko eremuetan. Egun, gainera, “oso zaharkituta” geratu da—, eta horrek “bizikidetza arazoak” sortu ditu.
Beraz, ostalaritzaren eta herritarren “oreka” hori berrezartzea lortuko duen ordenantza sortu nahi dute, herritarrek “une askotan” eskatu baitute oreka hori berrezartzea: “Mugikortasun mahaian, Auzo Bihotzak tailerretan, eta erregistro ofizialean jasotako eskabide eta kexetan”, esaterako.
Pausoak eta helburuak
Abiapuntu ofiziala, hilaren 20a (astelehena) izango den arren, aldez aurretik, aurre lanketa bat egin dutela azaldu dute alkate eta zinegotziak. Bizilagunekin, udaleko talde teknikoekin, desgaitasunen bat duten pertsonekin eta ostalaritza sektoreko establezimenduekin bildu eta udalak ondu nahi duen ordenantzaren inguruko “iritzia, sentimenduak eta beharrak” jaso zituzten. Bilera horiek zein norabidetan lan egin behar duten zehazten lagundu diete: “Saio guztiak izan ziren oso interesgarriak, tonu onean gauzatu ziren eta eraikitzaileak izan ziren”.
Orain, lehen fasea abiatuko dute. Astelehenetik aurrera, prozesu parte hartzailea zabalduko dute eta herritarrek kontsulta publikoa egiteko aukera izango dute. Edozeinek parte hartu ahal izango du eta epea 15 egunekoa izango da. Batez ere, ordenantzaren helburua zein izan beharko litzatekeen, zer konpondu dezakeen, eta herritarren behar eta aukerak zein diren jakin nahi dute. Idatziak webgunearen bidez —Hilaren 20an zabalduko da—, edota BAZ bulegoan entregatu daitezke.
‘Terrazako topaguneak’ Webgunea
Gardentasun ariketa bat eginez, informazio guztia herritarren eskura jarri dute. Hondarribiko Udal webgunearen barnean topa daiteke Terrazako topaguneak orrialde berria. Jendaurreko informazioa eta dokumentazioa eguneratuta ikusi ahal izango dute herritarrek bertan, baita ordenantza zein fasetan dagoen ere.
Uda honetarako onartuta egotea da hasierako asmoa, baina presarik ez dutela adierazi dute biek ala biek: “Emango diogu garrantzi gehiago noizko onartu baino onartzen den horrek ahalik eta egokiera onena izatea herritarren beharrekiko”.