Obus bat erretiratu dute Hondarribiko lorategi batetik
Sei kilo eta erdiko artilleriako jaurtigarri bat zen, 36ko gerran erabilitakoa. Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko teknikariek "leku seguru" batean suntsitu zuten.
Ertzaintzak jakinarazi duenez atzo arratsaldean (hilak 14) obus bat erretiratu zuten Hondarribiko lorategi batetik. Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko agenteak arduratu ziren obusa erretiratzeaz.
Hiru bizitzako etxe bateko lorategian lanean ari ziren langileek aurkitu zuten 36ko gerrako obusa eta “hondea makina batekin atera zuten obra hondakin bat zela pentsatuz. Okerraz jabetu zirenean, bertan utzi eta udaltzaingoari jakinarazi zioten” jakinarazi du Ertzaintzak.
Etxebizitzan zeuden bizilagunak irtenarazi eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko agenteek erretiratu zuten. Sei kilo eta erdiko artilleriako jaurtigarri bat zen, 36ko gerran erabilitakoa. Kontserbazio egoera txarrean zegoenez indargabetzeko teknikariek “leku seguru” batera eraman eta bertan suntsitu behar izan zuten, “modu kontrolatuan”.