Irekiera urteko bisitari kopurura iritsi da Oiasso Museoa
Erakusketa iraunkorrerako bisitak hazi dira nagusiki, eta hurrengo urtean termak estreinatuz, bisitari kopuruan gora egitea aurreikusi dute.
Oiasso Museoaren 2024ko urteko balantzea egin dute gaur eta 2006an ireki zeneko bisitari kopuru berdinera iritsi zirela iaz azaldu dute Cristina Laborda alkateak, Nuria Alzaga Kulture ordezkariarekin, Juanjo Jimenez museoko arduradun eta Josue Susperregi Arkeolan Fundazioko zuzendariarekin batera. Guztira, 38.634 bisitari jaso ditu museo erromatarrak.
Museoa eskualdeko nahiz Kantauri isurialdeko erromatarren historiako erreferentziazko gune bilakatu dela baieztatu du alkateak. Gipuzkoakoak izan dira bisitarien %59, eta Euskal Herritik kanpoko bisitarien kopuruak %52 egin du gora, hala nola, Espainiako estatutik.
Igoera hau “arrakastatsutzat” jo du Labordak eta hazkunde geldiezina dela azaldu du. Arrakastaren gakoa museoaren urteko programazio handinahia dela esan du, eta erronkak eduki baino, erronka horiek nola kudeatu jakitea.
Apustu nagusien artean erakusketa iraunkorra zein aldi baterako erakusketak egon dira. Hala, erakusketa iraunkorrera 13.226 gerturatu dira, 2023an baino %58,6 gehiago (orduan 8.339 izan ziren).
Aldi baterako erakusketen artean Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak eta Haiek hitz egiten dute izan dira bisitatuenak. Orotara, 8.261 bisitari izan zituzten bi erakusketa horiek, iaz baino %11,50 gehiago, 2023an 7.749 izan ziren.
FICAB Arkeologia Zinemaldiako ikusle kopuruak ere gora egin du eta guztira 2.049 bisitari jaso zituen, 2023an baino %31,3 gehiago, orduan 1.561 parte hartzaile izan baitzituen. Bestalde, Dies Oiassonis jaialdi erromatarrean 5.485 pertsonek hartu zuten parte.
Irugurutzetako sarbidea egokitzeko lanak bukatu ez badituzte ere, bisita gidatuak hazi egin dira bertara eta orotara 886 bisitari izan dituzte labeek.
Termak
Terma Erromatarrak urte honetan inauguratuko dira, baina ez dute aurreratu zein datetan, urte erdialdean izango dela soilik. Next Generation Funtsak erabili dituzte obra hauek egiteko eta ia 2 milioi euroko aurrekontua baliatu dute.
Terma hauek Irungo ondare historiko eta kulturalari balioa ematen lagunduko duen hiri eskaintza bat egiten jarraitzeko aukera emango dutela uste du alkateak. “Gaur egun museoak hiriari dimentsio historikoa emateaz gain, Irun helmuga turistiko erakargarri gisa kokatzen du, ondare historiko eta kultural aberatsarekin”.
Inaugurazioa baino lehen Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) aurkeztuko dituzte termak, hilaren 23an, 12:00etan. Alzaga Kultura ordezkaria bertaratuko da bertara.