Porrota sufritu du Zaisa Txingudik
Etxean jokatu du lehen bueltako azken partida La Unicaren kontra eta hutsean bukatu dute markagailuan. Bestalde, emakumeak errugbi modalitate berri bat probatzen aritu dira.
Plaiaundin izan dira asteburuan Zaisa Txingudiko mutilak Iruñeko La Unicaren kontra jokatzeko eta Ligako lehenbiziko buelta bukatzeko. Ezin izan dute garaipena dastatu eta 0 eta 27 galdu zuten.
Bisitariek intentsitate handiko jokoan aritu ziren, iniziatiba erakutsiz eta baloiaren jabetzea minutu luzez mantenduz. Behin eta berriz saiatzeak, azkenean, fruituak eman zizkion La Unicari eta entsegua lehenengo zatiko hamaseigarren minutuan iritsi zitzaien. Bidasoarrak ez ziren fin ibili erasoan, baloi asko galduz edo aurkarien plakaketa sendoak jasoz.
Lehenengo zatiaren azkeneko jokaldian, bigarren marka iritsi zen atsedenaldira 0 eta 10 markagailuan. Bigarren zatian, La Unicak mailari eutsi zion eta Txingudiren aulkiak ezin izan zuen lagundu egoerari bira ematen.
Era horretan, beste hiru entsegu egitera iritsi ziren nafarrak 47, 52 eta 66. minutuetan, horietako bat eraldatuz (0-27). Plaiaundikoek puntuak lortzeko aukera izan dute, baina Aritz Rodriguezen entsegua izango zena ondo blokeatu du La Unicaren defentsak. Emaitza honekin, La Unica Bk igoera fasea jokatzeko bidea jarraituko du eta Zaisa Txingudik zortzigarren postuan mantendu da, Uribealdea Mungiaren gainetik.
Iñigo Camarero Tausek eta Leire Muñoz Caok hurrengo hamabostekoa zelairatu zuten: Aitor Asurmendi, Xabi Sanchez, Aritz Rodriguez, Imanol Rodriguez, Jon Mediavilla, Julen Iglesias, Juan Carlos Lora, Hector Pescador, Ioritz Franco, Lutxo Etxeberria, Hodei Guerrero, Mikel Genua, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alberto Robleda. Aulkian Joao Costa, Jon Sanchez eta Pablo Besga hasi dira.
Emakumeak eta errugbia
Asteburu garrantzitsua izan zen ere errugbia emakumeentzat ere izan dadin. Izan ere, larunbatean egin zen Donostian Gipuzkoa eta Euskadiko federazioek bultzatutako modalitate berriaren lehenengo topaketa, neska gazteek errugbiarekin lehen kontaktua errazteko sortutakoa.
Bost jokalarirekin eta plakaketarik gabe, Atletico San Sebastianen zelaira gerturatu diren neskek, lau taldetan banatuta, hainbat partida jokatu ahal izan dituzte eta Txingudi bertan izan da.
Greta Gutierrez, Paula Da Purificaçao, Annie Pascaru, Naia Piquero, Arantxa Imbaquingo eta Maddi Cabrero izan dira Onintza Burgera zuzendaritzapean eta Asun Gamindezen laguntzarekin larunbatean kamiseta beltza eta txuria jantzi zutenak.
Mattin Petrikorena
Txingudiren 16 urtez azpiko taldeko Mattin Petrikorena aurrelaria Euskal Selekzioak asteburuan Ordizian Gaztela eta Leonen aurka lortutako garaipenean (13-8) egon da. Amaierako hogei minutuetan aritu da lehen lerroan.