Hasi dira Euskadiko eta Gipuzkoako Xake ligak
Hondarribiko Marlaxka Klubak lau talde izanten jarraituko du 2025ean. Horietako bik partidak izan dituzte asteburuan. Berdinketa eta porrot batekin hasi dute liga.
Asteburuan hasi dira 2025eko Euskadiko eta Gipuzkoako Xake ligak eta Marlaxka Xake Klubeko xakelariak horietan lehiatzeko prest izan ziren. Klub hondarribiarrak lau ordezkari izango ditu aurten ere bi ligetan banaturik: Marlaxka A, B, C eta D taldeak. 65 jokalarik osatzen dituzte horiek eta 19 emakumeak dira.
Euskal ligan, hau da, ohorezko mailan laugarrenez arituko da Marlaxkako A taldea. Hilaren 11n etxean jokatu zuten eta 1-3 galdu zuten, Sestao Hotel Naval talde bizkaitarraren kontra. Borroka gogorra izan zuten, eta hasiera batean berdinketa izango zela zirudien arren, azkenean galdu egin zuten bertakoek.
Gipuzkoako ligan, berriz, Marlaxka B taldeak goren mailan parte hartuko du aurten. Larunbatean (hilaren 11n) atseden eguna izan zuten. Lehenengo jardunaldia beraz, hilaren 18an izango dute Gros D taldearen kontra.
Marlaxka C taldeak aurten lehen mailan jokatuko du. Lehen jardunaldia Irunen jokatu zuten larunbatean, Fiancheto 2019 B taldearen kontra. Lehia berdinketan bukatu zuten. Gorka Tafallek eta Jon Diazek par-a lortu eta Nora Lerak eskuratu zuen eguneko garaipen bakarra.
Azkenik, Marlaxka D taldeak hirugarren mailan jokatuko du aurten. Taldea adin guztietako jokalariek osatzen dute eta helburua hasi berriak “pixkanaka” lehiaketara hurbiltzea da. Asteburu honetan ere atseden eguna izan zuten taldekideek. Lehen jardunaldia hilaren 18an izango dute, Agustin de Leiza C taldearen kontra.