Gautxori taldearen lana indartu da Harrera Sarean
2024ko balantzea egin du Irungo Harrera Sareak. Aurreko urtearekin alderatuta saretik migrante gehiago pasa dira, eta Gautxori taldearen harrerak laukoiztu egin dira.
Zazpigarren urtea beteko du aurten Irungo Harrera Sareak (IHS), eta aurrera egiteko 2024ko balantzea egiteko pausatu dira. Taldearen sorreratik haien helburu nagusietako bat IHS desagertzea dela oroitarazi du Oihana Galardi IHSko kideak, baina xede hori oraindik urrun ikusten du. “Argi ikusten da migrazioak gure eskualdetik pasatzen jarraitzen duela, eta Irundik igarotzen diren pertsona hauek oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak ez dituztela”. Zehazki, migrazio bidean aurrera jarraitzeko informazioa edota behar adina atseden hartzeko baliabideak oraindik faltan sumatzen ditu Galardik. “Guztira, 6.000 pertsona inguru artatu ditugu 2024an, eta horrek esan nahi du IHSren laguntzaren beharra badagoela”.
Iazko zenbakiak eman dituzte. Afrika mendebaldeko herrialdeetatik Irunera iritsi diren 3.627 pertsona migratzaile pasa dira San Juan plazako mahaitik, eta 1.995 pertsona Gautxoriko harreratik. Plazatik 2023an 2.738 igaro ziren. Aldiz, nabarmen hazi da gauetan Irunera iristen ari diren migranteen kopurua, laukoiztu egin baita Gautxori taldearen harrera jaso dutenen kopurua (2023an 563 izan ziren). Azkenik, arropategia 616 lagunek erabili dute, 2023an 544 izan zirelarik.
Gauez Irunera gehiago iristearen eta goizetan plazatik hainbeste pertsona ez pasatzearen arrazoia Irun eta Hendaia arteko zubietatik poliziaren kontrolak egiteko etxolak kentzearekin lotu du Galardik. “Presio oso handi bat desagertu da polizia zubietatik kenduta, eta horrek eragin du migratzen dabiltzanak haien kabuz ari direla aurrera egiten”. Bide horretan, IHSrekin harremanetan jartzen direnen beharra aldatzen ari dela azaldu du Galardik, eta orain, Irunera iristean “bideari buruz pentsatzeko gelditzea” errealitatea bilakatzen ari da. “Beti adierazi izan dugu muga presio espazio bat dela, estres gune bat, eta azkenean estres horren aurrean jendeak nahi duena da lehenbailehen hori atzean utzi”.
Harrera herria aldarrikatuz
Galardik berretsi egin du “Euskal Herria harrera herria” aldarrikapena, eta “kezka” adierazi du Euskal Herrian azken hilabetean egon diren eraso arrazistekin, esate baterako, Arrigorriagan (Bizkaia) edo Baionan (Lapurdi) izan direnekin. “Harrera herria gara, harrera herria izan garelako. Gure sustraiak ez daude Euskal Herrian, eta kezkatuta gaude eraso horiengatik. Gorroto mezuak inpunitaterik gabe zabaltzen dira gaur egun”. Halaber, Europako beste herrialde batzuetan Frantziak Irun eta Hendaia arteko mugan hartutako neurriak errepikatzen ari direla deitoratu du, adibidez, Alemanian.
Bestalde, hilaren 28an, harrera herria aldarrikatzeko, manifestazioa egingo da Ficobatik Hendaiara, 11:30ean hasita. Izan ere, Ipar Euskal Herriko zazpi ekintzaile 23. Korrikarekin batera 36 migratzaile Santiago zubia zeharkatzen laguntzeagatik deklaratzera deitu dituzte Baionako epaitegira. Akusatutako zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko eta migrazio politikak salatzeko autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute, J’acusse aldarripean. “Azkeneko bizpahiru urteetan ikusi da saiakera handiagoak izan direla espresuki elkartasuna kriminalizatzeko”, azaldu du IHSko kideak. Horregatik, 23. Korrikarekin egindako ekintza “nola edo hala” baliatu nahian dabil Frantzia errepresioa handitzeko eta errepresioa ikusgarriagoa egiteko. “Gu bezala Bidasoko herritarrak dira epaituko dituztenak, eta gure kideekiko babes osoa adierazi nahi dugu. Lasai gaude, baina tentuz begiratzen diogu kriminalizazio saiakera orori”.