Euskaraldia Hondarribian aktibatzeko lehen urratsa egin dute
Gaur goizean aurkeztu dute maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldia egitasmoa. Otsailaren 4rako deitu dute 11 egunez egingo diren jarduerak antolatzeko batzordea. Edozein norbanako, elkarte eta entitatek parte hartu dezakete.
Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da Euskaraldia. Maiatzaren 15etik 25era egingo da eta 11 egunez euskararekin loturiko jardueraz osatutako praktika sozial masiboak egingo dituzte.
Euskaraldia aktibatzeko beharraz aritu da Garoa Lekuona Euskara zinegotzia gaur goizean egitasmoa aurkezteko prentsaurrekoan, hain zuzen, erdara nagusi duen udalerri euskalduna delako Hondarribia: “Aktibatu, zaindu, indartu eta are gehiago, hizkuntza erabilera kontziente baten beharrean gaude”. Horregatik, Euskaraldia herriko hizkuntza ohituretan eragiteko baliatu nahi dute, “Euskaraldiaren datetan eta baita Euskaralditik harago ere”.
2025eko Euskaraldiaren dinamizatzailea Igor Arrieta izango da, eta hark azaldu duenez berrikuntzez beteta dator aurtengo edizioa. Batetik, udaberrian egingo den lehenengo edizioa izango da, –Orain artean udazkenean egiten zen, Euskararen egunarekin bat eginez–, “gizarte bizitza gehiago dagoen garaian, harreman sozialek ahalik eta astinaldi gehien eragiteko”.
Bestetik, lanketa sakonagoak egin nahi dituzten entitateek topagunearen laguntza izango dute. Bi aukera izango dituzte: Egitasmora atxikitzea eta beren kabuz euskararen aldeko ekintzak egitea edota Topagunearen laguntza eskatzea euskara plan bat osatzeko.
Eta azkenik, xaxatzaile rola sortu dute. Euskaraldia, praktikan, 16 urtetik gorakoentzako egitasmoa da, baina euskal komunitatearen zati handi batek 16 urtetik behera dituztenez, haien parte hartzea sustatzeko trebakuntza jasotzeko proposamena egingo zaie. Beren egitekoa inguruko helduei arretaz entzutea eta euskaraz egitera bultzatzea edo “xaxatzea” izango da.
Arrietarentzat erronka berezia izango da dinamizatzaile lana egitea: “Txikitatik euskaraz ikasi dut baina ez dut esango beti euskaraz hitz egiten dudanik. Orduan erronka honek erakusten dit zein den gure errealitatea; erronka polita iruditzen zait eragitea eta hori aldatzen saiatzea”. Ahobizi edo Belarriprest izateko epea martxoan zabalduko da.
Euskaraldiko Batzordea
Euskaraldian egingo dire jarduerak antolatzeko Euskaraldiko Batzordea sortuko dute. Otsailaren 4an elkartuko dira aurrenekoz egiteko horretan parte hartu nahi duten norbanako eta entitateak. Arratsaldeko 18:30ean izango da hitzordua, udaletxeko areto nagusian. Izena emateko epea zabalik dago eta apirilean itxiko da.
Euskaraldiaren helburua tokiko euskalgintza aktibatzea, lankidetzan aritzea eta praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatzea da, eta egiteko horretan norbanako, elkarte, eragile…, denek dutela zer esana eta zer egina adierazi du Ander Moronek, Euskara saileko sailburu berriak. Horregatik batzordean parte hartzeko deia luzatu dute aurkezpenean, “elkarren artean egitasmoa osatzea eta ikusgarritasuna handitzea” lortuko dutelako, gaineratu du Igor Arrietak.