Sahararekin elkartasuna: euskal karabana eta harrera-familiak
Tinduf-eko errefuxiatu sahararren kanpamenduetara elikagaiak eramateko euskal karabana abian da. Hilaren 23tik 25era bitartean jasoko dituzte elikagaiak Kabigorri-n. Bestetik, 2025eko uztaila eta abuztuan haur errefuxiatuak Euskal Herrian jasotzeko harrera-familiei deia luzatu zaie.
Saharako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak elikagaien karabana antolatu du errefuxiatu sahararren kanpamenduetara eramateko, Tinduf-en (Argelia). Bertan 49 urte daramate 165.000 lagunek, oso bizi-baldintza latzetan bizirauten. Gehienak, emakumeak eta haurrak dira.
Elikagaien karabanarekin lagundu nahi dutenek, hilaren 23tik 25erako epea izango dute honako elikagaiak Kabigorri Bidasoaldeako Ateneora (Peña kalea, 1 – 20304, Irun) eramateko: arroza, azukrea, atuna, lekaleak, pasta eta emakumeentzako konpresak.
*Kristalezko poteak ekiditeko eskatzen da, garraiorako desegokiak izateagatik. Denak plastikoz bilduta egon beharko du.
Bestetik, haur errefuxiatuek Euskal Herrian oporraldia egin dezaten, euskal harrera-familien programak aurrera jarraitzen du aurtengoan ere. Horretarako, 2025eko uztaila eta abuztuan 9 eta 12 urte arteko haurrei harrera egiteko familiak behar dira. Martxoaren amaieran bukatuko da familia interesatuek izena emateko epea. Ekimenaren inguruko berri izateko, Udaleko Ongizate Sailera edo Txingudi Sahararekin Tadamum elkartera jo daiteke.
Harremanetarako:
Txingudi Sahararekin Tadamum
tadamum@hotmail.es
628569463