Elkarrekin Irunek kiroldegien zerbitzu eskasa nabarmendu du
David Nuño, Elkarrekin Iruneko bozeramaileak Artaleku eta Azken Portuko kiroldegietan klaseak murriztu dituztela salatu du, nahiz eta iaz hiruhileko abonuaren prezioa %18 garestitu zuten.
David Nuño, Elkarrekin Iruneko bozeramaileak hiriko kiroldegien zerbitzu eskasa nabarmendu du. Eztabaidaren pizgarria Artaleku eta Azken Portuko kiroldegietako aurtengo klaseen murrizketak eragin du. Izan ere, iaz hiruhileko abonuaren prezioa %18 garestitu zuten arren, ez da zerbitzuan hobekuntzarik egon, kontrakoa baizik. Erabiltzaileek gehiago ordaindu, eta trukean, zerbitzu eskasagoa jasotzen dute.
Nuñezek azpimarratu duenez, onargarria da zergen igoera, baldin eta zerbitzu publikoen hobekuntza eragiten badu; baina urte askoan ez da kiroldegietan inbertsiorik egon. Kiroldegia bezalako zerbitzu preziatu batek irundarren beharrak asetu beharko lituzkeela gaineratu du. Kontrara, kiroldegien kudeaketa ereduak ez dio mesederik egiten zerbitzu publiko erakargarri baten sorkuntzari, eta gimnasio pribatuetara joatera bultzatzen du jendea. Kiroldegien kudeaketaz arduratzen diren enpresa pribatuei zerbitzuak murriztea ekiditeko eskatu dio gobernuari.
Hiritargoa adierazpenera batu da, eta alderdiak mobilizatzearen aldeko deia egin du, “hiritartasunaren presioari esker bakarrik lortuko baitugu gobernuak kiroldegien kudeaketaren inguruko auzia zabaltzea”. Elkarrekin Irunek urteak daramatza kiroldegien kudeaketa hobetzeko proposamenak egiten, baina gobernuak ukatu egin omen ditu.