Auzosare programarekin, pertsonak erdigunean
Urtebetez Zabalduz kooperatibarekin lanean aritu ondoren, hil honetan jarriko dute martxan Auzosare proiektua. Hezitzaileen bidez pertsonak komunitatearekin saretzeko egitasmoa da.
Bakardadea gizartean dagoen mamu baten antzekoa da, eta horri nola aurre egin asmatzea zaila gerta daiteke. Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik kezkaz begiratzen diote gaiari. Izan ere, Hondarribiko bizilagunen %25ak 65 urte baino gehiago ditu, hau da, Gipuzkoako batez bestekoa gainditzen du herriak. Horrek esan nahi du pertsona askok igaroko dutela beren zahartzaroa herrian.
Bakardadeak herritarren osasunari eta autonomiari eusteko zailtasunak eragiten ditu, eta horri aurre egiteko asmoz proiektu bila hasi ziren udalean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri Fundazioarekin harremanetan jarri, eta horri esker Zabalduz kooperatibak duen Auzosare proiektua ezagutu zuten. Duela urtebete bildu ziren aurrenekoz kooperatibako kideekin, eta proiektua «asko gustatu» zitzaiela adierazi du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak, adinekoen gizarteratzea bultzatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko baliagarri izateaz gain, auzoetako bizilagunak saretzeko eta komunitatea sortzen laguntzen duelako. «Auzoak lotzen dituen zerbait, bakardadearekin lotuta… Ezin genuen aukera hori galdu».
Urtebetez kooperatibako kideekin elkarlanean proiektuari forma ematen aritu ondoren, hil honetan jarriko dute martxan. Hiru hezitzaile arituko dira buru-belarri lanean. Eginkizun guztiak betetzeko Kultur Etxean izango dute bulegoa.
Lehenik mapa bat osatuko dute, bakardadea sentitzen duten pertsonen detekzio goiztiarra egiteko. Ondoren, jarraipena egiteko, Gizarte Zerbitzuak, hezitzaileak eta auzozainak lotzeko pausoa emango dute. Auzozainak komunitatea egingo duten pertsonak dira, hau da, bakardadea sentitzen duten pertsonak gizarteratzeko zubi lanak egingo dituztenak. «Adibidez, bizilagun batek esan dezake: konpromisoa hartuko dut pertsona hori egunero auzo elkartera laguntzeko, edo bizilagunari erosketa egiteko. Horrelako detaile txikiak egitea da lortu nahi duguna».
Bigarren fasean komertzioak eta bestelako eragileak inplikatuko dituzte. Peñak azaldu du adineko askok toki bertsuetan erosteko edo denbora pasatzeko ohitura izaten dutela, eta horregatik oso baliagarriak izan daitezke jarraipenak egiteko. Programarekin bat egiten duten arrandegi, okindegi edota norbanakoek Gizarte Zerbitzuekin kontaktu zuzena izango dute, aplikazio baten bitartez. «Adibidez, detektatutako pertsona bat ez bada azken astean komertziotik igaro, Gizarte Zerbitzuei abisatuko diete, eta horiek jarriko dira pertsona horrekin harremanetan. Agian oporretara joan da eta dena ongi dago, baina gerta daiteke laguntza behar izatea», zehaztu du zinegotziak. Azken fasea pertsonen gizarteratzea izango da. «Kartetara jokatzea gustatzen zaion pertsona bat badago, baina haren kartetako laguna zendu egin bada eta hain justu auzo elkartean astero kartetara jokatzeko geratzen den kuadrilla bat badago, hezitzaileek zubi lan horiek egin ditzakete».
Bi urteko hitzarmena
Hondarribiko Udalak bi urterako hitzarmena sinatu du kooperatibarekin. Ideia, beraz, aktibazio komunitarioa bi urtetan egitea izango da. Hortik aurrera hezitzaileen beharrik gabe komunitatean sortutako zubiei esker lan egitea espero dute. Guztira 340.000 euroko kostua du proiektuak, eta horren %70-80a aldundiaren diru laguntza bati esker ordaintzea espero dute.
Proiektu horrekin «oso ilusionatuta» daudela esan du Peñak, «udal bezala argi dugu bakardadea ezin dugula alde batera utzi, gizarteratzeak guretzat ez du preziorik».