"Lakaxita osatzen dugunok tinko gaude faxismoaren aurrean, beldurrik gabe"
Pintaketa faxistak egin dituzte aste honetan Lakaxita Gaztetxean, eta horri aurre egiteko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Moskun.
‘Defend Europa’, ‘Anti-antifa’, ‘Stop LGTBI’ eta ‘Guerra sin cuartel’ bezalako mezu nazi-faxistak idatziz eraso zuten pasa den asteartean Lakaxita Gaztetxea “ezkutuan eta ilunpetan agertu ziren nazi faxistek”. Horren aurrean, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Moskun. “Ozen esan nahi dugu eraso hau Lakaxita den erresistentziarako autogestionatutako gune askearen kontrako erasoa izan dela, eta bertan militatzen dugun guztion gorputzak mehatxatzen dituela. Halaber, mural horiek egin dituztenen adierazpen askatasuna urratu eta erasotu egin da”.
Elkarretaratzean adierazi dute badakitela “faxismoa beti egon dela artikulatuta eta antolatuta, eta ez dela eraso isolatu bat izan”. Eta, ildo horretatik, gehitu dute Lakaxita inguruan eta Irunen zehar mezu berdinak dituzten pegatinak ere agertu direla, baita Hondarribiko kai berrian edota Aritxulegiko Langile Batailoietako gatibuak omentzeko oroigarrian ere. Alabaina, pegatina edota kartel nazi-faxistak topatuz gero horiek kentzerakoan kontuz ibiltzeko ohartarazi dute, “kristal zatiak baitituzte atzean”.
Era berean, gehitu dute badakitela faxismoa ez dela ezer berria, eta “azken aldian gure kaleetan oldarraldi hau ageriago egon bada ere, gu beti egon gara erne eta antolatuta. Lakaxita osatzen dugunok tinko gaude faxismoaren aurrean, beldurrik gabe. Faxismoarekin ez da eztabaidatzen, aurre egiten zaio, erantzun egiten zaio eta guk beti hori hautatu dugula aldarrikatu nahi dugu”.
Bestalde, esker hitzak ere izan dituzte hizpide gaurkoan. Pintada faxistak kentzera gerturatu direnei, sare sozialetan babesa eta atxikimendua adierazi dieten gaztetxe, gazte asanblada, sare, kolektibo eta norbanako guztiei eman dizkie eskerrak, baita, noski, elkarretaratzean ziren guztiei. “Argi dago elkarrekin egin behar dugula borroka eta elkartasun keinu eta ekintzak ezinbestekoak dira horretarako”.
Amaitzeko, faxismoari aurre egiteko kultura ere beharrezkoa dela aldarrikatu dute, eta aurreratu dute urtarrilaren 3an Iñigoren Dizipuloak taldeak emanaldi berezi bat egingo duela Lakaxitan. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.