"Sorkuntzari ematen diot garrantzia gehien, gozatzeari"
OARSO-BIDASOKO HITZAren 2025eko paretako egutegia irudi eder batekin apaindu du oiartzuarrak. Mezu argia du sorkuntza lanak: «Guretik atera eta harago begiratzea garrantzitsua da».
Bere abizenak arte hitza eramatea ez da kasualitate hutsa. Txikitatik sortzeko grina izan du Narbartek, eta modu askotara zabaldu du bere artea. Saltsa berrietan sartzeko gogoz jarraitzen du.
Lehenik eta behin, nola jaso duzu HITZAren proposamena?
Ilusio handiz jaso nuen hitzaren deia, egia esanda. Sei astetik behin, hedabidearekin elkarlanean, ilustrazio bat egiten dut, baina azken proposamen hau erronka berri bat izan da niretzat. Pozik jaso dut, gogo handiz aritu naiz.
Zer da hedabideak eskatu dizuna, zer islatu behar izan duzu?
Guztiz aske aritzeko aukera eman didate, nahi nuen irudi bat egitea proposatu zidaten, begiralekuei buruzkoa. Proposamen bat baino gehiago prestatu nituen, eta egia da batetik bestera ideia diferenteak atera zirela, oinarri berbera, baina emaitza diferentea, islatzeko modu ezberdina.
Gure txikitasunean eta gure tokian pareta bat dugula islatu dut, ahal duela oso polita izan, pertsona horrentzako indibidualki oso-osoa izan, baina kanpora begira, begiraleku horretatik kanpora begira jarriz gero, gauza asko irabaziko genituzkeela, gure burbuila horretan egon beharrean. Eta garrantzitsua dela gure horretatik atera eta harago begiratzea. Hori da mezua.
Nola eraiki duzu mezu hori, zer ikus daiteke irudian?
Aurreko plano horretan pertsona bat ikus daiteke makurtuta, bere lorea ureztatzen. Oso polita da bere lore hori, baina berea bakarrik ureztatzen du. Eta ez du ikustean atzean, pareta horren beste aldera, zer dagoen. Eta pareta horren gainean dagoenak bere buruan dauden loreak ureztatzen ditu, harago ikusteko gai baita. Atzean zer dago? Sekulako jardina, lorez josita, kolorez betetakoa. Lehenbiziko plano horretan dagoen pertsonak ikusten ez duen horretaz guztiaz elikatzen da pareta gainean dagoena, eta hortaz, bere burua elikatzen du. Egia da ere hasierako proposamenetik azken emaitzara aldaketa handia egon dela, prozesua bera aldakorra izan delako. Baina oso pozik geratu naiz, irudikatu nahi nuen hori argi ikusten delako.
Jada zientoka etxetako paretak apaintzen ariko da zure irudia.
Poza ematen du horrek. Edozein senide edo lagunen etxera joan eta haien paretan zure lan bat ikusteak ilusioa egiten du, pozez hartzen dut. Berezia da hori.
Ezagutzen ez zaituztenentzat, nor da Ane Narbarte, eta nola hasi zinen mundu honetan?
Ane txikitatik hasi zen margotzen. Ez zen behin ere klaseetara joan, afizioz marrazten zuen. Berarentzat betidanik oso garrantzitsua izan da sorkuntza, gehienbat marraztea, margotzea. Horretarako momentua harrapatzen nuen, horretara jartzen nintzen eta listo. Betidanik pasioa izan da niretzako margotzea, terapia bat izan da.
Urteetan zehar hori garatzen joan zen, bere kabuz. DBHn irakasgai onena artea zen niretzat, nota onenak hor nituen, eta hor jarri nituen indarrak. Batxilergo Artistikoa egin nuen, eta gero Arte Ederretan sartu nintzen. Lehen beti margoa zen nagusi, horretan zentratzen nintzen eta pixkanaka sorkuntza orokorrean lantzen hasi nintzen, beste saltsetan murgilduz. Konturatzen nintzen ez zitzaidala soilik marraztea gustatzen, sortzeak betetzen ninduela baizik, zentzu zabalean. Saltseatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut. Gero Psikologia ikasten hasi nintzen, ikusi nuelako arteak eta psikologiak bazutela lotzen zituen hari bat. Eta horretan nabil orain, ikasketak bukatzen eta zentratzen ea nondik tira artea eta psikologia uztartzeko.
Zure lanek ukitu oso pertsonala dute, erraz antzeman daiteke zureak direla. HITZAren enkargurako, aldiz, aldaketa izan dela suma daiteke.
Aldaketa handia dago eskuz egitetik digitalera egin dudalako salto. Hau digitalean egina dago osorik. Orain dela hiru bat urte saltseatzen hasi nintzen. Ez nintzen oso ongi moldatzen horretan, baina poliki-poliki ikasten joan naiz. Gauza batzuetarako oso erabilgarria da digitalean marraztea. Horrez gain, haurren ipuinak ere ilustratzen hasi naiz eta estiloa pixka bat moldatzen joan naiz. Nire aurreko lanak oso karakteristikoak ziren, oso nabariak ziren nireak zirela.
Paperetik pantailara, saltoa handia dago, ezta?
Ez du zer ikustekorik. Egia esanda kostatu zitzaidan, niri materialekin saltseatzea eta hauek ukitzea gustatzen zaidalako. Salto hori egitea kostatu zitzaidan, baina gustua hartu diot. Bizkorragoa da, bixiagoa, azkartasuna ematen dizu gauza askotan.
Koadroak, paretak, liburuak… Denetik ilustratu duzu.
Margotzen hasi nintzen lehenengo estiloa manga izan zen. Ez dakit zergatik, baina urtebetez horretan aritu nintzen. Ez dira irudi oso elaboratuak eta nahiko gauza oinarrizko batekin pertsonaia asko sor daitezke. Gero, arkatzarekin hasi nintzen, grafitoarekin, ikatz-ziriekin. Batxilergo artistikoan klasekide guztiek sekulako margo kaxak zituzten, eta nik eramaten nituen paretak pintatzeko margoak. Ez nituen margo motak ezagutzen. Margotzea maite nuen, baian ez nuen zerekin egin ideiarik ere. Grafitora eta gero akrilikoetara egin nuen saltoa, eta horretan ibili naiz gehienbat, digitalera pasa arte. Denetatik, aitortu behar dut grafitoak betetzen nauela gehien, gehien landu dudan teknika izan baita.
Ilustratzailea, marrazkilaria, sortzailea, artista… Nola definituko zinateke?
Sortzea da nire grina, beraz, sortzaile naizela esango nuke. Garai batean oso lerrokatuta nengoen, margotzea zen nire bidea, baina gaur egun ikusten dut ez dela hori bakarrik. Betetzen nauen hori sortzea dut orain helburu.
Hortaz, nahi duzun hori egitea funtsezkotzat jotzen duzu.
Zalantzarik gabe. Erretratuak enkarguz egiten hasi nintzenean krisitxo bat izan nuen. Eskaera bidez hasi nintzenean gustura hasi nintzen, baina puntu batetik aurrera demandaren arabera lan egitea ez da hain gustukoa. Liburu batek, esaterako, beste xarma bat dauka, zure ukitu pertsonala emateko aukera baituzu. Sorkuntza prozesua zerotik bukaeraraino gozatzea dut gustuko. Ez da gauza berdina argazki bat hartu eta grafitoarekin kopiatzea, edo irudi hori zerotik sortu eta marraztea.
Erreferenterik izan duzu gertu?
Aitonak marrazten zuen. Kuriosoa zen, boligrafoarekin marrazten zuelako, oso ongi gainera. Ez zuen beste ezer eta boligrafoekin aritzen zen. Tronbo bat izan zuen, gorputz erdia paralitiko geratu zitzaion, eta hala eta guztiz ere, ezkerrarekin berdin-berdin margotzen zuen. Ez zuen inoiz ikasi, baina bazuen zerbait berezia aitonak. Aita ere margotzeko eta eskulanetan aritzeko oso abila izan da beti, eta ahizpa ere bai. Badago zerbait familian.
Sorkuntzarako jauzi horretan, artisautzara egin zenuen salto orain dela urte batzuk, Ilgotti Artisautzarekin.
Saltseatzetik etorri zen. Niretzako belarritakoak egiten hasi nintzen, besterik gabe, eskuz egindako belarritakoen oso maitalea nintzelako. Kaletik jende askok galdetu zidan ea nondik atera nituen, eta orduan salto hori emateko erabakia hartu nuen. Nire bikotekidea, lanbidez eta afizioz arotza da, eta egurrarekin lan egitea maite du.
Bion artean hasi genuen proiektutxo hau. Egurra, loreak, espeziak… Naturan aurki daitezkeen elementuekin egiten ditugu. Nire etxe inguruko gauza asko belarritakoetan izango dituzue [barrez].
Zaila da sortzaile izatea Euskal Herrian?
Bai, hainbat arrazoirengatik. Eta hala ere, esango nizuke ez nukeela honetatik bizi nahiko. Hori beti esan izan dut, aspalditik argi izan dut hori. Nire esperientzia mundu honetan hori izan da, gero eta gehiago lantzat hartu hau, orduan eta mendekoagoa zarela kanpoko eraginetatik. Eta horrela, nire sorkuntza propioa alde batera uzten dut. Gogoeta hau izan dudan guztietan puntu horretara iritsi naiz. Sorkuntzari ematen diot garrantzia gehien, gozatzeari, eta niretik atera dadila. Lan egin bizitzeko, eta lan horrek aukera ematea bizia ematen didan horretan inbertitzeko, hau da, sorkuntzan aritzeko. Presiorik gabe ere. Demandaren arabera mugitzeko ohitura dago, eta ez baduzu nahi eskaeraren arabera aritu, oso konplikatua da hori guztia kudeatzea. Orain arte atera zaizkidan lanak ez dira honetatik bizi nahi dudalako atera. Ez dira etorri horien bila joan naizelako. Ez ditudalako bilatu, etorri dira. Diferente bizitzen dut hori. Ez nago publiko baten zain, eta horrek askatasuna ematen dit nahi dudana egiteko eta nire lana nahi dudan moduan eraldatzeko. Beharrezkoa ikusten dut horrela lan egitea.
Baduzu bestelako proiekturik edo asmorik esku artean?
Azkeneko lana liburu baten ilustrazioa izan da. Urte honetan lan zaharrak eraldatzen ari naiz digitalki, hori izan da aurtengo erronka. Orain dela hamabost urte egindako lanak berreskuratzen ari naiz. Gehienak ez ditut eskura, etxeetan daude, edo norbaitek ditu gordeta. Luzera begira ere baditut proiektu batzuk, ideia asko ditut. Orain, adibidez, artearen beste adar bat probatzen hasi naiz, txikitatik asko deitu didana: eskultura. Ez naiz inoiz oso abila izan horretan, baina orain zeramika klaseak jasotzen hasi naiz. Beti izan dut zomorro hori. Saltsa berrietan sartzeko gogoz jarraitzen dut.