34.262.533,79 euroko aurrekontua onartu dute
Atzo egin zuten 2025eko Aurrekontu proposamena onartzeko osoko bilkura. Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko bozkarekin atera zen aurrera. EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten.
2025eko Aurrekontu proposamena aurrera atera zen atzo egindako osoko bilkuran. Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko bozkarekin atera zen aurrera. EAJk eta PSE-EEk, berriz, abstentziora jo zuten. Hala, iazko aurrekontua baino %18 gehiago izango du udalak aurreikusitako proiektuak gauzatzeko. Orotara, 34.262.533,79 euro.
Bozkaketen orduan, Abotsanitzek eta EH Bilduk aurrekontuari aurkeztutako proposamenak erretiratu zituzten, proposamenak bi alderdiek egindako eskari asko jasotzen zituelako. EAJk eta PSE-EEk aldiz, beren zuzenketan mantendu zituzten. Horiek eztabaidatu ondoren, bozkaketak egiterakoan, ez ziren onartuak izan.
Abotsanitz alderdiak adierazi zuenenez aurrekontuak osatzeko prozedura berria “aberasgarria” izan da, “nahiz eta oposizioko taldeek ez duten hala ikusi”. Aurrekontuak “borroka eremu” bilakatzea leporatu zieten, eta gaineratu zuten alderdi guztiek konpartitzen dituzten “inoiz baino proiektu gehiago” daudela.
Jeltzaleek zenbait proiekturekin “ados” daudela adierazi zuten, beren hauteskunde kanpainan jasotzen zituztelako, eta arrazoi horregatik ez zutela kontran bozkatuko. Dena den, prozedurarekin desados agertu ziren; izan ere, lanketa “zerotik” hastea “informazio gutxirekin” ez zaie bidezkoa iruditu.
Sozialistek, berriz, “hobetzeko moduko” aurrekontuak direla adierazi zuen. “Diru sarrerak hipotetikoak dira eta alkateak erabilitako prozedura ez zaigu egokia iruditzen”. Igor Enparani, beraz, datozen aurrekontuetarako prozedura aldatzeko eskatu zioten.
Bilkideek azaldu zutenez diru sarrerak handitzeko lanketa handia egin du udal gobernu taldeak. Gainera, aurrekontua inoiz baino konpartituagoa dela adierazi eta udal langilegoa egiten ari den “lan bikaina” nabarmendu zituen.
Bilkura, osotasunean
2025eko Aurrekontuak onartu ondoren, hurrengo puntura egin zuten salto. 2025erako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartzeko proposamena bozkatu zuten eta Abotsanitzen, EAJren eta EH Bilduren babesarekin aurrera atera zen. PSE-EE abstenitu egin zen.
Hirugarren puntuan hiri autobusa martxan jartzeko memoria eraman zuten bozkatzera. Udal talde guztien adostasunarekin proposamena aurrera atera zen.