EAJren ustez gobernuaren aurrekontu proposamena ez da parte hartzailea izan
Hondarribiko EAJk gogor erantzun dio Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamenari. Oposizioko alderdiek aurkeztutako proposamen bakar bat ere ez onartzea leporatu diote.
Hondarribiko EAJk 40 zuzenketa proposatu zituen gobernu taldearen 2025ko Aurrekontu proposamenean txertatzeko. Horietako bakar bat ere onartu ez dutela esan dute jeltzaleek, ezta gainontzeko alderdien proposamenik ere. Prozesuan zehar “proposamen asko interesgarriak iruditu zaizkiela esan ziguten, baina ezin izango direla proiektuan sartu”.
Aurrekontu proposamena osatzeko prozesua, beraz, ez dela parte hartzailea izan adierazi dute, eta kontakizun hori “aurrekontuak eta prozesuak dituzten gabeziak estaltzeko” egin dutela.
Honakoa esanda, bihar egingo den osoko bilkuran, EAJren bozka abstentzioaren aldekoa izango dela jakinarazi dute, “proposamenean jasotzen diren zenbait proiektu EAJren legegintzaldian egindako lanaren ondorio direlako”. Arrantzale auzoa berrurbanizatzea, gizarte zerbitzuetako bulegoak Muliatera eramatea edota hiriko autobus zerbitzua ezarri dituzte adibide gisa.
Aurrekontuen xehetasunetan sartuta, gobernuak “gezurrezko diru sarrerak” aurreikusi dituela gaineratu nahi izan dute. Hirigintza aprobetxamenduengatik 4,5 milioi euroko diru sarrerak aurreikusi dituzte aurrekontu proposamenean, eta jeltzaleek diotenez, aurten ez dira 200.000 euro ere bildu.
Aurkeztu den aurrekontua inoizko handiena izango da, baina gabezia asko ditu jeltzaleen ustez. “Ezin dugu ulertu merkataritza jardueretara bideratutako partidak jaitsi direnik, edo gazteentzako etxebizitzak alokatzeko laguntzen proposamena onartu ez izana”.