Udal aurrekontuak osteguneko osoko bilkuran onartuko dituzte
101 milioi euroko aurrekontua da PSE-EEren udal gobernuak proposatu duena eta alderdi bakoitzak bere zuzenketak ere aurkeztu ditu.
Ostegun honetan (hilak 19) osoko bilkura egingo da udaletxeko areto nagusian eta 2025. urterako udal aurrekontu orokorraren hasierako onarpena izango da eztabaidagai. PSE-EEren udal gobernua gutxiengoan dago gobernatzen eta gakoa izango da akordioak lortzea.
Hurrengo urterako udal gobernuak proposatutako aurrekontua 101.134.086,01 eurokoa izango da, sozietate publikoak barne, eta hortaz, beste urte batez 100 milioi euroren bueltako aurrekontua bideratuko da hirira. Bide horretan, azken hamar urteetan ia %50 handitu ditu aurrekontuak Irungo Ogasun arloak.
Udalbatza osatzen duten alderdiek dagoeneko zuzenketak eginak dituzte. EH Bilduk adierazi du prest dagoela “herritarren bizitzak hobetuko dituen adostasun batera iristeko”. Guztira hamabost zuzenketa aurkeztu ditu koalizio subiranistak.
EAJk, berriz, 46 zuzenketa aurkeztu ditu, 10 milioi euro baino gehiagokoak. Zuzenketa hauek herritarren “benetako beharrei erantzuten ez dien kolore bakarreko eta gutxiengoan dagoen udal gobernu baten proposamen kontinuista” aberasten dutela azaldu dute. Sei proposamen dira eta hirian gobernu sozialistak daramatzan 41 urte baino gehiagoko gobernuari “aurre egiten” dion hiri ereduan egin dute apustua.
Elkarrekin Irunek hainbat aurrekonturen partidak berrantolatzea proposatu du. Lehentasuna markatu dute hainbat gastuetan, familien eta denda txikien beharrak asetzeko gainkargarik eragin gabe. “Aukera berri” gisa ikusten ditu Irungo udal gobernuak zirriborratutako udal aurrekontuak.