Greban dauden Merkal Calzadoseko langileek elkarretaratzea egingo dute
Hilaren 19an –osteguna- Eibarren egingo dute elkarretaratzea "hitzarmen duina lortzeko". Untzaga Plazan elkartuko dira, 12:00etan.
ELAk ohar baten bidez jakitera eman duenez, greban dauden Merkal Calzadoseko langileek elkarretaratzea egingo dute Eibarren hilaren 19an, 12:00etan, Untzaga plazan.
“Greba mugagabeak aurrera jarraitzen du, eta 212 jardunaldi dira dagoeneko. Negoziazioek, baina, blokeatuta jarraitzen dute”, dio oharrak. Urte hasieran abiatutako negoziazio kolektiboak “ez atzera ez aurrera” jarraitzen duela salatu du sindikatuak, “ELAren ustez enpresak egiten dituen proposamenak onartezinak direlako”.
Bestalde, gehitu dute gatazka hasi zenetik hitzarmen kolektibo duina lortzea izan dela helburu nagusia, eta aldarrikapen nagusietako bat antzinatasun plusa ezartzea izan dela. “Plus hori konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte. Gainera, atsedenerako eskubidea bermatzeko ordutegietan legezko gutxienekoak jasotzeko eskatu dute, orain arte urratu egin baita eskubide hori. Era berean, ez dago aurrerapenik lanaldia murrizteko eskaerari dagokionez”.