Grebak antolatu ditu Ekialdebuseko greba komiteak
Ekialdebuseko greba komiteak hiru greba egun antolatu ditu. Ekialdebuseko zuzendaritza eta Aldundiari zerbitzu hobea eskaintzeko eskatzen diete.
Azken 13 urteetan, 2011tik 2024 arte, %50ez handitu da autobus-erabiltzaileen kopurua, lau milioi izatetik hamar milioira igaroz, “zifra errekorra bidaiarietan”. Gainera, autobusen ibilbideetako zati batzuetan abiadura muga murriztu dute azken urteetan.
Lan karga handitu den arren duela hamar urteko autobus kopuru eta ordutegi berdinak dituztela salatu du Ekialdebuseko greba komiteak. Langileei ezinezkoa zaie ordutegiak betetzea eta gehienetan hamar edo 15 minutuko atzerapenekin lan egin behar izaten dute, “estres handia sortzen” die horrek. Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan gertatu zaie autobusaren edukiera osoa betetzea eta bidaiariak kanpoan uztea. Langileen erantzukizuna ez den arren, autobus erabiltzaileekin liskar asko izaten dizute zerbitzu faltaren ondorioz. Lan karga honen ondorioz ezin izaten dute atsedenik egin.
Langileei “osasunean arazoak sortzen hasiak” zaizkie egoera honen ondorioz. Horren aurrean, Ekialdebuseko zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari “arduraz joka dezaten” eskatzeko hiru greba egun antolatu dituzte hilabetean zehar. Autobus eta maiztasun gehiago, garraio publiko seguru eta kalitatezkoa, langileen osasuna bermatzea, ibilbideetan denbora gehiago eta murrizketarik ez egitea aldarrikatuko dute.
Greba egunak
Hilaren 21ean, 05:00etatik hilaren 22ko 06:30ak arte.
Hilaren 24an, 15:00etatik hilaren 25eko 15:00ak arte.
Hilaren 31n, 15:00etatik urtarrilaren 1eko 15:00ak arte.