Meaka konpainia parekidea, ekainaren 30ean desfilatzeko prest
2025ean hamalaugarren konpainia batek desfilatuko du alarde parekidean: Meaka konpainiak. "Berdintasunaren bidean aurrera pausuak emateko konpromiso irmoa" adierazi zuten atzoko aurkezpenean.
Datorren urtean hamalaugarren konpainia batek desfilatuko du Irungo kaleetan barrena alarde parekidean: Meaka konpainiak. Atzo aurkeztu zuten publikoki konpainia berria, auzo elkartean egindako agerraldiarekin. Jakin min handia piztu zuen atzoko deialdiak, auzotarrek lepo beteta utzi baitzuten auzo elkartea.
Iaz San Migel konpainiak egindako urratsari jarraitu diote Meakako auzotarrek. “Nahi eta behar” batetik hartu dute konpainia sortzeko erabakia, “bereziki auzoari lotuta gaudenok eta urteak daramatzagunok beste hainbat konpainietan parte hartzen sentitu izan dugu hori”. Meaka Irungo lau auzo zaharrenetarikoa dela esan zuten, baina halere, ez duela gaur arte tokirik izan konpainia gisa alarde parekidean. Iragan uztailean, ordea, auzoko bizilagun eta lagun talde txiki batek “askoren ahotan ibilitako ideiari irmoki eutsi eta egikaritzeko lehen pausuak eman” zituela erantsi zuten. Galdetegi bat zabaldu zuten Whatsapp bidez, konpainia sortuko balitz, jende gehiago parte hartzera animatuko ote zen jakiteko. Bada, erantzuna “ezin hobea” izan dela gaineratu zuten atzoko aurkezpenean: “ehun pertsona baino gehiagok baiezkoa eman zuten”.
Konpainia berriaren helburua datorren urteko ekainaren 30eko Irungo Alarde Parekidean konpainia gisa desfilatzea da, “belaunaldi berriek euren auzoko konpainian parte hartzeko aukera izan dezaten”. Horretarako lan talde bat osatu dute, “berdintasunaren bidean aurrera pausuak emateko konpromiso irmoarekin”.”Bertan gaude Meaka auzoan bizi direnak edo bizi izan direnak, jadanik beste konpainia batzuetan urteak desfilatzen daramatzatenak, nahiz lehenengoz parte hartuko dutenak. Guztiok gogotsu gabiltza lanean, jaiak elkarrekin gozatu ahal izateko”, esan zuten atzokoan.
Alarde Publikoko Juntari eskerrak eman zizkioten, baita Maite Vergara jeneralari ere, “gaur hemen gure ondoan egoteagatik”. San Migel konpainiako kideei ere eskerrak eman zizkieten, “eskaini diguten babesagatik, uneoro gu laguntzeko prestutasuna erakutsi baitute”.
Lehen desfilerako motorrak berotzen hasteko datorren otsailean bazkari bat egingo du Alarde Parekidearen 14. konpainia izango denak, “elkar ezagutzeko eta konpainiako kideen arteko harremana sendotzeko aukera ezin hobea” delako haien ustez. Bazkari honetaz gain, ekitaldi eta ekintza gehiago egingo dituztela aurreratu zuten atzo, tartean, mendi ibilaldi bat. Sare sozialetan adi egotera deitu dituzte herritarrak.
Atzoko agerraldia bukatzeko, haiekin desfilatzeko nahia dutenek deialdi berezia egin zieten: “Irungo kaleak elkarrekin ilusioz beteta zeharkatzeko irrikan gaude. Era berean, Meaka auzoko konpainiako lan taldean aktiboki parte hartzera animatzen zaituztegu”. Haiekin harremanetan jartzeko helbide honetara idatzi daiteke, edo bestela, Facebook eta Instagram kontuan jarraitu daitezke (@meakakonpainia).