Irungo Eguberrietako azoka inauguratu dute
Zabaltza plazan dagoen azokaren inaugurazioan Cristina Laborda, Nuria Alzaga eta Libe Otegi izan dira. Izotzezko pista eta Antzarango txirrista ere gaur zabalduko dituzte.
Gaur goizean inauguratu dute Eguberrietako azoka, eta bisitan Irungo alkate Cristina Laborda, lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Kulturako ordezkari Nuria Alzaga zein Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Libe Otegi izan dira bertan. Zabaltza plazan dago azoka.
Bisitak iraun duen bitartean, Laborda azokako eskulanak, kosmetikoak, bitxiak, ehungintzako produktuak, apaingarriak eta opariak ikusten aritu da.
Azokaz gain, Luis Marianoko eta Sarjia parkeko izotzezko pistak eta Antzarango txirrista zabalduko dituzte. “Eguberriak primerako plana dira Irunen. Urteak daramatzagu egun hauetaz etxean gozatzeko lanean, Irungo zein kanpoko adin guztietako jendearentzako askotariko jarduerak antolatzen. Izan ere, Irungo eguberriak turistentzat ere erakargarriak izan daitezen nahi dugu, turismoak zuzeneko ekarpena egiten baitio hiriko ekonomiari. Azken batean, hauxe da eguberrietako kanpainaren zuzeneko helburuetako bat: bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzea, eguberrietako azoka honen bidez besteak beste”.
Hilaren 20tik urtarrilaren 5era helduek zein haurrek kalejirak, kontzertuak, antzerkiak, dantza, zinema eta beste hamaika proposamenez gozatzeko aukera izango dute.