II. Paradisu Zinema Bekaren oinarriak, prest
Antxeta Irratiak, Elkar Musikak eta EHZ Festibalak bultzatzen duten beka da, eta musika disko bat sortzeko bultzada da eskaintzen dena. Hilaren 17tik aurrera irekiko da proposamenak aurkezteko epea.
Iaz sortu zuten Elkar Musikak, EHZ Festibalak eta Antxeta Irratiak Paradisu Zinema Musika Beka, Iñigo Muguruza musikari irundarra gogoan. Aurten bigarren edizioa egingo da eta oinarriak dagoeneko irakurgai daude. Proiektuak, berriz, hilaren 17tik hurrengo urteko otsailaren 17ra bitartean ahalko dira bidali. Bekaren irabazlea, 2025eko martxoan jakinaraziko dute.
Deialdi honetara, musika lanak grabatzeko proiektuak aurkez daitezke, eta horiek jatorrizkoak eta euskaraz sortuak beharko dute izan. Horrez gainera, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak onartuko dituzte soilik. Esleipena egiten denetik urtebete izango du artistak lana garatzeko eta obrak 10 kantu izan beharko ditu, gutxienez.
Beka deialdia diskoa grabatzeko eta argitaratzeko da eta, 2025eko EHZ jaialdian kontzertua eskaintzeko aukera ere izango du artistak. Bekak 10.000 euroko balioa izango du eta era honetara bideratuko da: %50a Elkar estudioko orduetan emango da grabaketa eta edizio lanetarako; gainerako %50a argitalpen kostuak eta honen sustapena bideratzeko erabiliko da.