Hondarribiko Udal Bulegoak, handiago
Espainiako Kultura eta Ogasun Ministerioak Ramery Etxearen doako lagapen mugagabea egin dio Hondarribiko Udalari.
Hondarribiko Udalak udal bulegoak handituko ditu. Espainiako Kultura eta Ogasun Ministerioari esker izango da hori, ministerioak Ramery Etxearen doako lagapen mugagabea egin baitio udalari.
Asteazken honetan ofizialdu dute akordioa Igor Enparan alkateak eta Estatuko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ordezkari Javier Herrerok, Ogasun Ordezkaritzak Donostiako Okendo kalean.
Sinatutako akordioa udal teknikarien eta ogasun ordezkaritzaren arteko elkarlanaren emaitza izan dela adierazi du alkateak. Prozesu honen lehen urratsak duela hiru urte egin ziren, eta zentzu horretan, eskerrak eman dizkie guztiei izandako inplikazioagatik. Udal bulegoak handitzeak hondarribiarrei “zerbitzu onenak” eskaintzea ahalbidetuko du.
Gobernu Planean ezarritako helburuetako bat beteta, bigarren helburu bati begira jarri dira agintariak: Herritarrei irekitako udal ekipamendu bat ezarri nahi dute, Alde Zaharra “biziberritzeko” balioko duena. Udal Gobernu Taldearen asmoa 2025ean zehar gauzatzea izango da.
Ramery Etxearen erosketa aztergai
Hondarribiko Udalak eraikina erosteko aukera aztertu zuten Javier Herrero Ogasun ordezkariarekin izandako bileran. Datozen hilabeteetan aukera hori aztertu eta interes partekatua izango balu, espediente bat zabalduko luketela jakinarazi du alkateak.
Ramery Etxea Panpinot kalean dago kokaturik. Lehen Agirre Etxea zuen izena. XVII. mendeko jauregi etxea da eta ondare izaera du. 486 metro karratuko azalera du eta 135 metro karratuko hiru solairutan banatuta dago (beheko solairua, lehena eta bigarrena). Gainera, txapitula bidezko estalkipea du ere, 90 metro karratuko azalera duena.